Gotzon Aranburu
Dendrokronologiak zuhaitzen eraztunak aztertzen ditu informazioa ateratzeko. (Gotzon ARANBURU)
Dendrokronologiak zuhaitzen eraztunak aztertzen ditu informazioa ateratzeko. (Gotzon ARANBURU)

Zuhaitzen sekretuak

Arbolek sekretu asko gordetzen dituzte. Bizi izan ziren bitartean zer nolako klima egon zen badakite, adibidez. Beste datu bat ere atera daiteke zuraren mezua irakurtzen jakinez gero: noiz bizi izan zen arbola, ze mendetan, ze urte aldera? Dendroarkeologia deitzen zaio diziplina horri.

Arbolaren mezu hori entzuteko ahalmena ez du edozeinek, prestaketa zientifikoa eta esperimentala eskatzen du, eta oso pertsona gutxik dituzte bi horiek. Bada Euskal Herrian daukagu aditu horietako bat, hain zuzen ere Arkeolan Fundazioko kide den Josue Susperregi biologoa. Datu bilketan eta azterketan murgilduta dago azken urteotan eta, Ibon Telleria arkitektoarekin elkarlanean, ondorio deigarrietara iristen ari da euskal baserrien antzinatasunari buruz, orain arteko uste asko berrirakurtzera behartzen gaituztenak.

Greziako jakintsuak, eta ondoren Errenazimentukoak, jabetuta zeuden zuhaitz baten enborreko eraztun bakoitzak urte bateko bizitza esan nahi zuela. Moztutako enborreko eraztunak zenbatu eta laurogei baziren, laurogei urteko bizitza izan zuen arbola hark. Leonardo da Vincik deskubritu zuen, gainera, eraztun horietako bakoitzaren lodiera urte hartan egindako euriaren araberakoa zela. Baina dendrokronologiaren aita modernoa Andrew E. Douglass (1867-1962) astronomo estatubatuarra da. Arbolen hazkundearen eta eguzkiaren zikloen arteko harremana demostratu nahi zuen Douglassek, eta hori lortu ez zuen arren, dendrokronologiari, dendroekologiari, dendroklimatologiari eta dendroarkeologiari ateak ireki zizkion, baita paleoklimaren ikerketari ere.

«Dendrokronologia» hitza hiru hitz grekoren batuketatik sortua da: «dendron» (zuhaitza), «cronos» (denbora) eta «logos» (ezagutza). Da Vincik deskubritutakoa baino gehixeago dakigu gaur egun. Arbola baten hazkundean ingurumen faktoreak sartzen dira, hala nola euri prezipitazioa eta tenperatura, eta biotikoak, hazitako tokian izandako konpetentzia. Hazkundea eraztun bakoitzaren udaberrian hasten da, eta udazkenean bukatu, hotza iristen denean. Zonalde berean eta garai berean hazitako zuhaitz guztiek ezaugarri dendrokronologiko antzekoak izango dituzte.

Gipuzkoako baserri batean dugu Josue Susperregirekin hitzordua. Bertako habeetako laginak hartzera doa, horretarako beharrezkoa den tresneriaz. Bere maletako erregea zulagailua da, horri jarritako brokaren bidez –broka berezia, Alemanian espreski erosia– ateratzen baititu zurezko laginak, zigarro luze baten antzekoak, habearen barrutik. Habearen bihotzeraino iristea da kontua, eta «txurroa» ahalik eta osoena ateratzea.

Laginak ateratzeko beste modu batzuk ere badauzka Josuek. Zerra batekin zur zatiak mozten ditu, xafla modukoak, eta gero Irungo Arkeolanen laborategian kontu handiz lixatzen, makina batekin. Lixatuta eta garbituta, zurak bere eraztun eta ezaugarri guztiak bistarazten ditu. Susperregiren begiek berehala nabaritzen dute informazio interesgarria dakarren edo ez, baina azken hitza mikroskopioarena da. Objektiboaren azpian jarri, aldamenetik ondo argiztatu, eta lortutako irudia ordenagailu batera doa, honek interpretatu dezan.

Erreferentziazko kronologia

Dena den, Josue baserriz baserri eta eraikinez eraikin ateratzen eta artxibatzen ari den laginek ez lukete ezer balioko erreferentziazko kronologiarik gabe. Eta erreferentziazko kronologia hau bizirik dauden arboletatik ateratako laginekin hasten da osatzen. Eskuko barrena bat erabiliz, bost milimetro lodierako «txurroak» ateratzen dira. Operazio honek ez dio kalterik egiten zuhaitzari, zauria bere kasa sendatzen baita berehala. Araban aurkitu zituen arbola aproposak, hain zuzen ere Erriberagoiti eskualdean.

Askok uste izan dugunaren kontra, Euskal Herriko pago, haritz eta gaztainondo zaharren eta ondoen kontserbatutakoak hegoaldean daude, Araban eta Nafarroan. Arkeolanek ikerketa dendrokronologikoak egiteko ezinbestekoak gertatu diren arbolak erkametzak dira (Quercus faginea), 400 urte ingurukoak zaharrenak, egoera harrigarri onean daudenak. Horiek emandako datuei esker, erreferentziazko kurba oso konpletoa osatu ahal izan da. Ordutik hona Josue elizetan, baserrietan, hondoratutako ontzietan, erreka-presetan… ateratzen joan den lagin guztiak Arabako erkametzek emandako kurbarekin alderatu ditu. Eta emandako datuak deigarriak dira.

«Egur historikoak» deitzen zaie aspaldiko eraikinetan edo objektuetan erabili eta gaur egunera arte iritsi diren zurezko piezei. Dendrokronologiari esker, zura hori non hazitako arbolarena den jakin daiteke, baita noiz moztua izan zen ere. Egur historiko horietakoren bat aztertzeko aukera sortzen zaionean, eraikin zahar bat bota dutelako edo baserri jabe batek etxaldearen antzinatasuna jakin nahi duelako, Josue bere tresnak hartu eta bertaratu egiten da. Laginak hartzen hasi aurretik zurezko pieza horiek ondo aztertzen ditu, laginak hartzeko zati interesanteena zein den erabakitzeko. Eta zein da irizpidea interesa neurtzeko? Bada zurezko pieza estrukturala izatea, alegia, baserria eraiki zen garaikoa izatea, ez handik mende batera edo bira egindako konponketa batean sartutako pieza. Horregatik, normalean habeak izaten dira interesgarrienak.

Ondoren, hartutako lagin horiek erakusten dituzten hazkunde eraztunak erreferentziako kurbekin alderatzen ditu dendrokronologoak, Arabako erkametzek emandako kurba haiekin. Eta bi «erradiografia» horien alderaketak esango du zuhaitza noiz moztu zuten, eta nola basoan moztetik eraikuntzarako erabili arteko tartea oso laburra izaten zen, urtebete edo bi, bada praktikan badakigu noiz eraiki zuten aipatu baserria, eliza edo itsasontzia. Erkametz horiek hazkunde geldoa izan dute, urtero oso gutxi loditu dira, Arabako mendialdeko hotzaren eta lehorraren eraginez, eta hori jabearentzat ez da oso komenigarria, baina bai ikertzailearentzat. Gipuzkoan eta Bizkaian pagoak eta haritzak lodiagoak dira, baina ez hain zaharrak.

Euskal Herriko lehenengo datazioa

Euskal Herrian egindako lehenengo datazio dendrokronologikoa Irungo Oiassoko itsas portu erromatarrarena izan zen, Bordeleko laborategi batek egina, orduan ez baitzegoen hemen teknika hori menderatzen zuen aditurik. Arkeolan Fundazioak berehala antzeman zuen dendrokronologiak potentzial handia zeukala Euskal Herrian, eta ikastaro bat antolatu zuen Irunen bertan. Ondoren Bordelen egin zituzten praktikak ikasleek, eta gero Bartzelonara jo zuten, Emilia Gutierrez unibertsitate irakaslearengana. Gutierrezek prestigio handia dauka arlo honetan eta oso baliagarria izan zitzaien hark irakatsitakoa.

Laginak biltzen hasteko garaia iritsia zen horrenbestez, eta lan horri ekin zioten Arkeolanen: egun 6.000 pieza baino gehiagoko lagin-bankua daukate. Gipuzkoako Aldundiaren Kultura sailarekin harreman estua daukate, eta hitzarmen horri esker jakin izaten du Susperregik non berritu behar duten baserri bat edo non azaldu diren zurezko pieza zaharrak, haiek aztertu ahal izan ditzan. Gipuzkoa du Arkeolanek lan eremu nagusia, baina Hegoalde osoan aritzen da, gutxiago Ipar Euskal Herrian.

Baserrien antzinatasunaren gaira garamatza honek. Euskal baserriak ikuspuntu tipologiko, historiko, are artistikotik ikertuak izan dira, eta oso lan onak egin dira arlo horretan. Lehen ematen ez zitzaien balorea onartzen zaie orain, Alberto Santana bezalako profesionalek egindako ikerketa horiei esker, baina beti egon da hutsune bat, hain zuzen ere datazio zuzen eza. Dendrokronologiak egiten ditu datazio absolutu horiek, eta lortutako lehenengo emaitzek harridura eragin zioten Susperregiri, baina ondorengo ikerketek berretsi baino ez dituzte egin hasierako emaitzak. Gipuzkoako bi baserritan hasi ziren lanean, Lazkaoko Maizgoenan eta Ezkioko Zelaan, eta XV. mendearen erdialdera eraikiak izan zirela ondorioztatu zuten, hain zuzen ere 1446an lehena eta 1453an bigarrena. Alegia, orain arte uste zena baino mende erdi goizago.

Datu horiek aditu askori eman zizkien jakitera, eta horietako batekin, Donostiako Arkitektura Fakultateko Ibon Telleria irakaslearekin, elkarlanean ari da Josue ordudanik. Orain arte pentsatu izan da euskal baserririk zaharrenak XV. mendearen bukaerakoak edo XVI. hasierakoak zirela, eta data hori mende erdi atzeratzea aurkikuntza itzela da.

Europatik etorritako eraikitzaileak?

Telleriak bi baserrien ikerketa tipologikoa egin zuen eta konturatu zen biak eredu berekoak zirela, berdin eraikiak dolare batetik hasita, nahiz eta bat bestea baino pixka bat handiagoa izan. Ondoren Gipuzkoako Goierrin aztertutako beste baserri batzuk oso antzeko emaitzak ematen ari dira: «Egun, esan dezakegu gutxienez hamabi baserri baditugula XV. mendearen erdialdera eraikiak, eta ikerketa dendrokronologikoan aurrera joan ahala XV. mendearen hasierako eraikuntza aztarnak ere topatu ditugu, esate baterako Errezilgo Loidi Azpikoa baserrian», diosku Josuek.

Teoria zabalduenaren arabera, Euskal Herriko baserriak Europa iparraldetik etorritako eraikitzaileek zutitutakoak dira, katedralak bezala. Josuek kolokan jartzen du, ordea, teoria hau. Izan ere, baserrien eraikuntza baino dezente lehenagotik zegoen gure artean zurezko eraikuntza indartsua, batez ere ontzioletan. Baita ibaietako presak egitean ere: «Ikus Igartzako presa Beasainen. Horrelako bat egiteko asko jakin behar da, horren atzetik ‘know how’ handia dago. Niri oso arraroa egiten zait norbait kanpotik etorri, baserriak eraikitzen irakatsi eta bat-batean ehunka baserri azaltzea. Gure ustez, prozesua askoz gradualagoa izango zen, aurretik eraikin apalagoak egongo zirela uste dut eta poliki poliki hobetzen eta handitzen joango zirela». 

Europako basetxe zaharrena Holandan dago, eta 1290 inguruan dago datatua. Josue ez da ausartzen esatera gure baserriak ere garai horretan eraikitzen hasiko zirenik, ez baitu frogarik oraindik eskuetan, baina susmo hori eduki badauka, gero eta sendoagoa gainera. Aurreneko baserriak etxebizitza baino gehiago lantegi zirela uste du, tolarea instalatzeko, abereak babesteko eta uzta gordetzeko eraikinak.