NAIZ
BILBO

Bankuek «demokraziari iruzur» egiten diotela salatu dute Bilbon

Kutxabank auziko herri akusazioa osatzen duten eragileek elkarretaratzea egin dute Bilbon, Santander bankuaren aurrean, hipoteken zergaren inguruan Auzitegi Goren espainiarrak hartutako erabakia salatu eta bankuek daukaten «gehiegizko boterea» gaitzesteko. 

Santander bankuak Eliptika plazan duen egoitzaren aurrean egin dute elkarretaratzea. (LAB)
Santander bankuak Eliptika plazan duen egoitzaren aurrean egin dute elkarretaratzea. (LAB)

Santander bankuak Bilboko Eliptika plazan elkarretaratzea egin dute LAB, ESK, Steilas, Bizkaiko EHNE, EKA eta Euskal Herriko Pentsiodunen plataformak, Kutxabank auzian herri akusazioa osatzen duten eragileek.

Hipoteken dokumentaturiko ekinbide juridikoaren zerga bezeroen bizkar uzteko Gorenak hartutako erabakiak «ezer berririk» ez dakarrela salatu dute. «Erregimen antidemokratiko honetako jabeak dira, Konstituzioa berritu zutenak dira, inoiz bueltatuko ez duten diru publikoa beraien buruak erreskatatzeko jaso zutenak dira eta, orain, botere judizialari sententzia bat aldatzeko eskatu eta beraien eskaerak epaitegientzat aginduak dira». «Honela funtzionatzen du 78ko erregimenak», azaldu dute. 

Erabakiak Euskal Herrian erabaki horrek «eragin handiegirik» izango ez badu ere, aipatu eragileek ohartarazi dute «herrialde guztietan finantza arloan eman daitekeen edozein iruzur kasu salatzeko» prest daudela. Kasu honetan, gaineratu dutenez, demokraziari eginiko «iruzur larria» da.

Eragile horien arabera, Euskal Herrian «arazo finantzieroen aterabidea izaera publikoa eta demokratikoa lukeen bankua sortzetik letorke» eta horren kontrola «herritarrek, eragile sozial eta sindikalek» izango lukete. 

Azkenik, alderdi politikoei zuzendu zaizkie, «herritarron segurtasun judiziala bermatu dezaten, botere banaketa ziurtatu dezaten eta herritar gehienen interesen alde egin dezaten, botere ekonomikoen interesen alde egin beharrean». 

Gorenaren erabakiaren ondotik zerga hura bankuen bizkar uzteko Gobernu espainolak onartu duen lege dekretua nahikoa ez dela azpimarratu dute eragileek, atzerako kasuak bere gain hartzen ez dituelako.