@mtxintxurreta
BILBO

Etxeko eta zaintzako langileak: indarkeria anitzak gurutzatzen diren gorputzak borrokan

Etxeko eta Zainketako Emakume Langileen I. Nazioarteko jardunaldiko lehenengo eguna izan da gaur Bilbon. Bertako eta batez ere Euskal Herrira migratutako 180 emakume elkartu dira Santutxu auzoko Karmela espazioan, behargin hauen esperientziak elkarbanatu, arloko eragileen arteko «zubiak eraiki» eta «gizarteak ikusezin egin duen» ogibide honen erregularizazioaren mesedetan «agenda feminista» bat eratzeko estrategiak josi asmoz.

Etxeko eta zaintzako langileak Bilboko Santutxu auzoko Karmela espazioan elkartu dira. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Etxeko eta zaintzako langileak Bilboko Santutxu auzoko Karmela espazioan elkartu dira. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Etxeko eta zaintzako lanen «aitorpena», Nazioarteko Lan Erakundearen 189. gomendioaren berrespena eta lan honen eskubideen alde borrokan diharduten emakume sareen artikulazioa izan dira Bilbon aho batez entzun diren aldarrikapenak. «Ez neskameak ez etxekotuak» lelopean, egoera aldatzeko irrikak eta ilusioak hartu dute Karmela.

Jardunaldien aurkezpena berau antolatu duten Mundubat, Oxfam Intermon, Ellacuria Fundazioa eta Zentzuz Kontsumitu erakundeetako ordezkariek egin dute, goizeko 10.30ean. Erakunde bakoitzak etxeko eta zaintzako lanen inguruan egindako ikerketak aurkeztu dituzte, eta Miren Aranguren Emagineko kideak egin ditu moderatzaile lanak.

Ellacuriako Claudia Favelak azaldu du fundazioak etxeko lanen errealitatea ikertu duela, ogibide horretan ari diren emakume migratuei elkarrizketak eginez. Ikerketaren zertzelada batzuk eman ditu, oraindik ez baitute aurkeztu. Titular bat eman du: «Errealitatea konplexua da, ez gara ari hitz egiten soilik lan eskubideen urraketaren inguruan, diskriminazio eta biolentzia anitzak ere ematen baitira sektorean».

Oxfam Intermonen izenean, Ana María Palaciosek iragan urteko azaroan hasitako ikerketa azaldu du, gaia lantzen ari diren «sareen artikulazioa» ardatz. Bizkaian, Gipuzkoan eta Nikaraguan kokatu dute ikerketa, eta oraindik amaitu ez badute ere, ondorioztatu dute, besteak beste, zaintzarena «sektore merkantilizatua» dela, zaintza eta garbiketa lanak «ez direla inoiz bukatzen», eta lan-indarkeriaz gain indarkeria sinbolikoak ere oso ohikoak direla sektorean.

Bestalde, Marian Uriarte Zentzuz Kontsumitu Partzuergoko kideak esplikatu du Gasteizen egungo kontsumo ereduak emakumeengan eta zaintzan duen eraginari buruzko ikerketa egin dutela, eta esan du Gasteizko erronkarik handiena «mugimendua artikulatzea» dela.

Txefi Roco Mundubateko eta Trabajadoras no Domesticadas kolektiboko kideak nabarmendu du, berebat, instituzioek etxeko langileak «abandonatu» egiten dituztela, eta gaiarekiko informazio falta handia dagoela gizartean. Ikerketa bat egin dute, etxeko langileez osatutako talde iraunkor baten jarraipena eginez, eta ondorioztatu dute, besteak beste, emakume hauengan «biolentzia mota asko» gurutzatzen direla.

Eguerdian, administrazioetatik etxeko eta zaintza lanen erregularizazioaren alde egin duten hiru emakumek hartu dute hitza. Sandra Ezquerrak Bartzelonako esperientzia azaldu du, Laura Gomezek Gipuzkoako Aldundikoa eta Sandra Chavez El Salvadorreko Lan ministroak bere herrialdekoa. Zaintzaren ekonomia feministaren alde borroka egitean instituzioen aldetik izan dituzten erresistentziak aipatu dituzte hirurek, eta aliantzen beharra ere nabarmendu dute.

Karmelan bertan bazkaldu dute jardunaldietara agertu diren emakumeek, eta horren ostean, herrialde ezberdinetako etxeko emakume langileen asoziazionismo eta borroka esperientziak azaldu dituzte. El Salvadorreko, Honduraseko, Nikaraguako, Madrilgo, Valentziako, Granadako, Bartzelonako eta Euskal Herriko hainbat tokitako ordezkariek hitz egin dute.