@gara_ikerbizkar
BILBO

Bizkaia hobetzeko lan ildoak aurkeztu ditu Bea Ilardia EH Bilduko hautagaiak

Bizkaiko ahaldun nagusia izateko EH Bilduren hautagaia den Bea Ilardiak datorren legealdirako lan ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur, Bilboko Campos Eliseos Antzokian, koalizioko hainbat ordezkari lagun izan dituela. 

Bea Ilardia, Bizkaiako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaia. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Bea Ilardia, Bizkaiako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaia. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Abokatu galdakoztarrak, besteren artean, kalitatezko enplegua, fiskalitatea, berdintasuna, gizarte zerbitzuak eta mugikortasuna ezarri ditu lehentasun gisa, bizkaitarren bizi kalitatea eta herrialdea bera hobetzeko helburuarekin.

Jasone Agirre legebiltzarkideak hartu du hitza lehenik, eta Ilardiak hartutako konpromisoa nabarmendu ostean, honek lan gogorra egitea zer den ondo dakiela aipatu du. Ilardiak, aldiz, Agirreren beraren hitz batzuk gogora ekarri ditu, berarentzat ere pertsonala dena politikoa dela azpimarratzeko.

EH Bilduren hautagaiak, berbaldia hasi eta berehala La Navaleko langileak eta beren senideak izan ditu gogoan, eta adierazi du «zenbaki hotzen atzean familiak» daudela, Galdakaon ere Formica bezalako lantegi garrantzitsuak ixtean antzeko egoera gogorrak pairatu zituztela gogoraraziz. «Pertsonak enplegua bultzatzeko politiken erdigunean jarri behar ditugu», esan du, enpleguan bakarrik ez, fiskalitatean, gizarte zerbitzuen arloan eta mugikortasunean hobetzeko lan asko egiteke dagoela gaineratuz. 

Honekin guztiarekin batera, erresidentzietako emakume langileen egoera aipatuta, Ilardiak esan du EH Bildurentzat berdintasunak «funtsezko lan ildoa» izaten jarraitu behar duela. «Benetako berdintasunaren alde lan egin behar dugu», adierazi du, iragan martxoaren 8an Euskal Herri osoan, Bizkaian eta Bilbon izandako mobilizazio ikusgarriak ere gogora ekarriz.