Joxean Agirre

Sua zerion gizona

Lanbideak bi opari, bi pribilegio, eman zizkidan, euskal kultura markatu duten pertsonak, hala nola Txillida,Oteiza, Laboa, Saizarbitoria, Amuriza, Egaña eta abar luze bat, gertutik ezagutzeko aukera eta Xalbador Garmendia bezalako lankideen adiskidetasuna.

‘Egin’en sorrean ezagutu nuen itzultzaile taldeko arduraduna gisa lehenik eta euskara zuzentzaile bezala ondoren eta euskararekiko zuen harreman suharrak harritu ninduen. Ordurako izen bat zuen euskal kulturan. Euskaltzain urgazlea zen eta bagenekien itzulpen batzuk eginak zituela (Saint Exupery-ren  ‘Printze txikia’, Camusen ‘Gizon zuzenak’, Zajarovaren ‘Lurraren kondaira’ edo  García Márquezen ‘Heriotza iragarritako baten kronika’). Bagenekien Euskal Kontseilu Nagusiko itzultzaile izana zela eta Euskal Estatuaren testua berak jarri zuela euskaraz, baina hori guztia ez zitzaigun askorik axola eta gazteagoa zenean idatzitako obra polemiko bati buruz galdetzen genion,  Gabriel Arestik ‘Herri eta harri’ kaleratu zuen urte berean, 1964an, ‘Historia triste bat’ izeneko antzezlan batekin Ondarroako Lore Jokoetako saria irabazi baitzuen. Garaiko euskal kultura itxian harrabotsa sortarazi zuen lan horrek, seguru asko protagonista nagusia prostituta bat zelako, ez dakit seguru, baina lotsatu egiten zen pitin bat eta ez zigun ezer erantzuten.

Ordurako ezaguna zen euskara irakasle bezala. Ikastoletako andereño taldeei, EUTGetako ikasleei eta herrietako helduei ematen zizkien klaseak. Esango nuke bere benetako bokazioa horixe zela eta geroztik ikasle ohi asko ezagutu ditut Xalbadorri esker euskal aditzaren paradigmarekiko txundituta gelditu zirenak edo, hobeto esanda, Xalbadorrekin liluratu zirenak. «Tarima efektua»ren eragina baino gehiago zen. Horrela liluratu zuen nonbait bere emaztea ere, artean andereño gazte bat zela.

Suhartasun horrekin lan egiten zuen erredakzioan ere. Egunkarira udan iristen ziren bekadunak izutu ere egiten zituen lehen egunetan, bere ondoa eserarazi eta idatzitako testuaren gainean euskal joskera hobetzeko errotulagailuarekin zirriborroak egiten hasten zitzaizkienean. Zalantzaren bat zuenean beteranoei hots egiten zigun. «Joxeantonio», deitzen zidan niri, nire amak bezala eta hori gustatu egiten zitzaidan eta beti galdera bera egiten zuen: «Nola esaten dik hau hire aitak?». Batzuetan zalantzak argitu gabe gelditzen ziren eta gauez, goiz aldera, lo txarrekoa baitzen, argitzen zituen eta bozkario puntu batekin agertzen zen biharamunean.

Ni literaturarekin maitemintzen hasita nengoen. Bolada hartan Joycerekin nenbilen eta konbertso guztiek bezala, ingurukoak fede berrira erakartzen saiatzen nintzen. Xalbador izan zen sektara erakarri nuen bakarra. Egunero, geltokitik paparra bistan zuela iristen zen izerditan, janzten zituen alpargatak, pizten zuen Ducados bat eta goizean irakurritako pasarteren bati buruzko komentarioak egiten zizkidan, egiten genizkion elkarri eta harrigarria zela, Joyce hori harrigarria zela errepikatzen zidan hamar bat aldiz.

Musika maite zuen, klasikoa bereziki, eta zeruan egonaldi bat egin izan balu bezala hitz egiten zuen gero esperientzia horretaz. Pianoa jotzen zuen, organoren bat ere joko zuen, koruren bat zuzenduko zuen agian, baina autore kutunen obrak entzuteak bakarrik antzaldatzen zuen.

Baina Xalbador suharra eta beroa zen esperientzia txikienekin ere. Arrantzarako denboraldia irekitzen zen bezperan ez zuen lorik egiten eta kanabera eskuan zuela igotzen zituen Tolosa aldeko errekak  mendi maldetan gora eta arratsaldean lanera zetorrenean sekulako abenturak kontatzen zituen eta amuarrain txiki bat harrapatzen izandako kalapitak entzunda, balearen batekin borrokan ibili zela ematen zuen.

Bizitzan zehar asko gozatu zuen, baina zahartzaroak ez zion aukerarik eman. Duela bost urte Gipuzkoako Aldundiak ‘Egin’i eta ‘uskaldunon Egunkaria’ri oroigarri bana eman zienean, bertan izan zen eta oso gertukoak baizik ez gintuen ezagutzen. Sua itzaltzen joan zitzaion.

Sarako maisuak zioena errepika dezakegu: «Joan zatzaizkigu lurretik, baina ez gogotik eta ez bihotzetik».