NAIZ
BILBO

Beste lau greba egun deitu dituzte EAEko itunpeko ikastetxeetan

EAEko itunpeko ikastetxeetan beste lau greba egun deitu dituzte ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek, azaroaren 27, 28, 29 eta 30erako. Ostegun honetan bilduko da sektore horretako negoziazio mahaia eta patronalek zer proposatzen duten zain daude.

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTko ordezkariek erregistratu dute greba deialdia. (ELA)
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTko ordezkariek erregistratu dute greba deialdia. (ELA)

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako gizarte ekimeneko ikastetxetan beste lau greba egun egiteko deialdia erregistratu dute gaur ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek Bilbon, Lakuako Gobernuaren egoitzan. 

Azaroaren 27, 28, 29 eta 30erako deitu dituzte lanuzteak, ordurako patronalarekin ados jartzen ez badira behintzat.

ELAko Irakaskuntza arduradun Miren Zubizarretak baieztatu duenez, orain arte egin dituzten bost greba egunei esker Kristau Eskolaren jarrera «itxia» mugiaraztea lortu dute, baina sindikatuen ustez «ez da nahikoa». Azaldu du ostegun honetarako deitu dutela negoziazio mahaia Kristau Eskola eta AICE-IZEI patronalek, eta bertan proposatuko dutenaren zain daude, dagokion balorazioa egiteko.

Nolanahi ere, patronalaren eskaintzak langileen aldarrikapenei erantzuten ez badie, mobilizazio egutegiarekin aurrera jarraituko dutela ohartarazi du.

«Puntu honetara iritsita, argi daukaguna da denbora gehiago eskatzen badigute, edota mobilizazioetara eraman gaituzten aldarrikapenei erantzunik ematen ez dioten planteamenduak egiten badizkigute, mobilizazio eta grebekin jarraituko dugula», baieztatu du Zubizarretak.

Gizarte ekimeneko ikastetxeak EAEko itunpekoen %70 dira eta 8.200 langile inguru dituzte. Gutxi gorabehera 120.000 ikasleri eragingo lieke grebak.