NAIZ
BILBO

Indarkeria matxista jasaten duten 4.565 emakumeri eskaintzen die arreta Ertzaintzak

Lakuako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, indarkeria matxistaren biktima diren 4.565 emakumek jasotzen dute EAEn Ertzaintzaren babesa. Neurrien artean nabarmendu dituzte Bortxa telefonoa –732 biktimek dute– eta bizkartzaina daukatenak (66).  

Eraso matxista baten aurka Zorrotzan egindako elkarretaratze bat, artxiboko irudian. (FOKU)
Eraso matxista baten aurka Zorrotzan egindako elkarretaratze bat, artxiboko irudian. (FOKU)

Herrialdeka, Bizkaian 2.304 emakumek, Araban 789k eta Gipuzkoan beste 1.472k daukate zabalik indarkeria matxistaren ondoriozko polizia-babeserako espedientea.

2017ko azaroan guztira 4.485 emakumek zuten babes-neurriren bat: 2.081 Bizkaian, 1.045 Araban eta 1.359 Gipuzkoan. Kopuru oso horretatik, 54 emakumek zuten eskolta. 

Hortaz, urtebeteko epean 80 gehiago dira babesa jasotzen duten emakumeak. 

Kasu bat antzematen den bakoitzean, Ertzaintzak informatikoki erregistratzen du espediente batean. Une horretatik aurrera, biktimaren arrisku-maila edozein izanik ere, eta kasua auzitegietan ebazten bada ere, Ertzaintzak babes aktiboa ematen dio biktimari. 

Txosten bakoitzak kasuaren historial osoa barnean hartuko du kronologikoki: elkarrizketak, salaketak, epaitegiko aginduak edo bestelako informatika-aplikazioetatik datozen datuak, besteak beste.

Babes handiagoa lortzeko eta, kasurik larrienetan, epaitegietako tramiteak errazteko, tratu txarrak jasaten dituen emakumeari epaitegira agenteek lagunduta joatea eskaintzen zaio, epaitegiko lehen tramiteetarako bederen.

Horrez gain, tratu txarrak erregistratzen direnean, eta adin txikiko seme-alabei arreta emateko, gizarte-zerbitzuekin lotzen duten komunikazio-kanalak ere badaude.

Segurtasun sailak azaldu duenez, arriskua lau mailatan sailkatzen da: oinarrizkoa, handi samarra, handia eta berezia. Horien ebaluazioa etengabea denez gero, arrisku-maila alda daiteke biktimaren edo erasotzailearen inguruabarrak aldatzen badira.

Biktima guztiekiko komuna den lehen segurtasun-neurria da autobabesaren arloko prestakuntza; saio pertsonal baten barruan bideo bat ikusiko da eta informazio-liburuxka bat banatuko da. Lehen ekintza horri gainbegiratze bat jarraituko dio, aldian behin telefono bidez jarriko baita biktimarekin harremanetan.

Ertzaintzak elkarlanerako protokoloak ezarri ditu udalekin eta mankomunitateekin, eta beste polizia-kidego batzuekin etengabe dihardu elkarlanean informazioa trukatzeko.

Era berean, Segurtasun Sailak bi aplikazio praktiko jarri ditu eskuragarri aplikazio-dendetan, edozeinek deskarga eta bere telefonoan instala ditzan: App-Ertzaintza eta App-SOSDeiak_112.  

Aplikazio horietako batek herritarren eta Ertzaintzako polizia-zerbitzuen arteko komunikazioa errazten du [App Ertzaintza] eta besteak herritarren eta 112 larrialdietarako arreta-telefonoaren bidez koordinatzen diren segurtasun-zerbitzu guztien arteko komunikazioa errazten du [App SOSDeiak_112].

Ertzaintzak espedientea zabalik duten indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako aplikazio espezifiko bat ere garatu du, Bortxa aplikazioa.