NAIZ
DONOSTIA

‘Okerrak’ lelopean, bertoko artista eta sortzaileen lanengan jarriko du fokua XIII. Feministaldiak

«Kultura feministari lotuta dauden ahots, sorkuntza eta diskurtsoen elkargune» izan nahi du aurten ere Plazandreok-ek Tabakalerarekin elkarlanean antolatu duen Feministaldiak. ‘Okerrak’ da jaialdiaren hamahirugarren edizio honetarako aukeratu duten leloa.

Feministaldiaren XIII. edizioa aurkezteko agerraldia, Tabakaleran. (Jon URBE/FOKU)
Feministaldiaren XIII. edizioa aurkezteko agerraldia, Tabakaleran. (Jon URBE/FOKU)

Txakur Gorria sormen kolektiboaren tailer batek inauguratu zuen, atzo arratsaldean, larunbatera arte luzatuko den Feministaldiaren XIII. edizioa.

Donostian egin duten aurkezpenean, azpimarratu dute beste urte batez Plazandreok-ek eta Tabakalerak elkarlanean antolatu dutela kultura feministaren jaialdi hau. 

‘Okerrak’ lelopean datorren edizio honek «foku berezia» jarri nahi izan die «bertoko artista eta sortzaileen lanei». Horregatik, Euskal Herrian eta euskaraz egindako lanen eskaintza zabala prestatu dute. Aurrez aipatutako Txakur Gorria kolektiboaz gain, Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio, Saioa Olmo, Iratxe Retolaza, Nerea Barjola eta Itsaso Ramonak izango dira jaialdian. 

Estatu espainiarreko hainbat txokotatik etorritakoak ere presente egongo dira, tartean Brigitte Vasallo, Txus Garcia, Ana Burgos, Azahara Ubera Biedma edo Xiana do Texeiro. 

Feministaldiari amaiera emateko, bidelagun izandako artistek eta lagun berriek bat egingo dute, propio sortutako emanaldi bat eskaintzeko. ‘Zorrak’ izenpean eskainiko dute larunbatean, Le Bukowskin, eta hain izango dira Anari, Mursego, Saioa, Lorea Argarate & Ines Osinaga, Birkit, Mice, Ezusteko Band eta DJ Set. 

Gogoratu dute Feministaldiak beti begiratu izan diela «bazterrei, besteei, hegemoniatik ihes egin duten horiei...». Horixe da hain zuzen aurtengo leloa aukeratzeko izan duten arrazoia: «Aurten, bide okerrak hartutakoei, identitate, leku, jatorri, emakume, gorputz okerrei eta, uste arte eta sorkuntza okerrei bide eman nahi izan diego. Baita akatsari eta desbideratuei».