NAIZ

Hiru pertsona hil dira Urruñan, auto baten eta kamioi baten artean izan den istripuan

Goizaldean hiru lagun hil dira Urruñan auto istripu batean, haien ibilgailuak kamioi baten aurka jo ostean. Bi gizonezko eta emakume bat dira hildakoak.

Istripua Point P saltokiaren parean izan da.
Istripua Point P saltokiaren parean izan da.

Istripu larria izan da gaur goizaldean Urruñan. Bertako hedabideek jakitera eman dutenez, hiru pertsona hil dira istripuan haien autoak kamioi baten aurka jo ostean. Goizeko 1.15an gertatu da ezbeharra, RD-810 errepidean, Point P saltokiaren parean. Kamioia Hendaiarantz zihoala, paretik zetorren BMW markako auto bat bere erreitik atera da eta haren aurka jo du.

Talka oso bortitza izan da eta horren ondorioz autoaren barruan zihoazen hiru bidaiariak hil egin dira. ‘Sud-Ouest’ egunkariaren arabera, 37 urteko gidaria, euskal jatorriko gizonezkoa; Ziburuko 28 urteko emakume bat eta identifikatu gabe dagoen beste gizonezko bat dira hildakoak. Hirurak kotxearen barruan harrapatuta geratu dira eta atera egin behar izan dituzte, baina dagoeneko hilik ziren. Kamioiaren gidariak, ostera, ez du kalterik izan.

25 suhiltzaile eta bi anbulantzia bertaratu dira istripuaren lekura, baita arrisku kimikoen prebentziorako beste ekipo bat ere, izan ere ibilgailu astunak isuri bat baitzuen bere depositotik. Azkenean, ez dute kutsadurarik antzeman.

Goizaldeko 01.15etan izan da ezbeharra eta errepidea moztuta egon da goizaldeko 7.30ak inguru arte.

‘Sud-Ouest’ek nabarmendu duenez, aurten departamenduan gertatu den istripu larriena da honakoa.