NAIZ
DONOSTIA

GuraSOSek Hitzartu hondakin plana helarazi dio Aldundiari

Hitzartu prozesu parte hartzailearen ondorioz sorturiko hondakinen kudeaketarako alternatiba Gipuzkoako Foru Aldundiko agintarien eskutan utzi dute gaur. Haurrak izan dira ekimenaren protagonista, «ikustezinak al gara? Bihotzgabeak al zarete?» esan diete hauek agintariei plana eman aurretik. 

Kutxa batean eraman dute haurrek plana Foru Aldundira. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Kutxa batean eraman dute haurrek plana Foru Aldundira. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Dantzariek lagunduta eta haurrak protagonista, Gipuzkoako hondakinen kudeakearako alternatiba Foru Aldundiaren esku uzteko ekimena egin du gaur GuraSOSek.

Haurrek gidatutako desfilea izan da da, kalejira giroan egindakoa.  

Behin Foru Aldundian, haurren osasunerako eskubidea aldarrikatu dute eta herrialdeko agintariei haurren «lasaitasunerako eskubidea» bermatzeko eskaria egin diete. Plana Foru Aldundian erregistratu dute ondoren.

Pasa den astean aurkeztu zuen GuraSOSek Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketarako alternatiba dakarren plana. Urtebete lehenago abiatutako Hitzartu prozesu parte-hartzailearen emaitza da plan hau eta tartean erraustegia ordezkatzea eragingo luke. Hiri hondakinak biegonkortzea aurreikusten du eta ondoren zigilatutako eta isolatutako gelaxketan gordetzea. Ez luke sortuko ez lixibiaturik, ez usainik eta ezta metanorik ere.

Prozesu honetan jende ezagunak izan du ardura Berme Batzordean. Bernardo Atxaga idazlea, Garbiñe Biurrun epailea, Esther Larrañaga Lakuako Ingurumen sailburu ohia, Juanjo Alvarez Zuzenbideko katedraduna, Pedro Ibarra Politika Zientzien katedraduna eta Ernesto Ganuza CSICeko titularra. Guztiek ere plan hau kontuan hartzeko deia egin zuten: «Hitzartu gizarte-ekimenaren ordezkaritzarekin bil daitezela; landutako prozesua eta emaitzak azter ditzatela, eta elkarlanerako lerroak ireki ditzatela hondakinen kudeaketa jasangarri eta osasuntsua lortzeko helburuarekin, adostasun sozial zabalean oinarrituta».