NAIZ
BILBO

Zeanurin berreskuratutako bost milizianoren gorpuzkiak senideei entregatu dizkiete

Pedro Garcia Gil, Pedro San Millan Beitia, Isaias Rebollo Cardo, Jose Maria Alberdi Ruiz eta Valentin Fernandez Soto milizianoen gorpuzkiak beraien senitartekoen esku utzi dituzte Bilbon eginiko ekitaldi batean. Zeanuriko Altun mendian atera zituzten lurpetik, 2017ko azaroan. 

Valentin Fernandez Sotoren gorpuzkiak jaso dituzten unea. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Valentin Fernandez Sotoren gorpuzkiak jaso dituzten unea. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela, aipatu bost milizianoak gogoratu eta haien gorpuzkiak senitartekoeei banatzeko ekitaldia egin dute Bilbon, Gogora Instituaren egoitzan. 

2017ko azaroan atera zituzten lurpetik Garcia, San Millan, Rebollo, Alberdi eta Fernandezen gorpuzkiak, Zeanuriko Altun mendian, Gogora Institutuaren eta Aranzadi Zientzia Elkartaren lankidetzari esker.

San Millanen gorpuzkiak bilatzen ari ziren eta lepoko zenbakidun plakari esker identifikatu zuten. Lanak hasita, lubaki izandako gune hartan beste lau gorpuzki aurkitu zituzten, beste bi identifikazio plazarekin eta egunerokotasunean erabiltzen zituzten beste tresna batzuekin batera. Garcia Gil eta Rebollo Cardo ere plakari esker identifikatu zituzten. Alberdi Ruizen identitatea DNA proba baten bidez egiaztatu zuten eta, aldiz, ikerketa historikoari esker, bestea Fernandez Soto izateko probabilitate-maila altua dagoela baieztatu dute. 

Gaurko ekitaldian senitarteko eta hurbilekoen esku utzi dituzte gorpuzkiak. Bost gorpuzkietatik, hiru Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan lurperatuko dituzte eta, gainerako bien kasuan, senideek beren hilerrietara eramango dituzte.

«Gaur 80 urte baino gehiagoz desagertuta egon diren bost pertsona bilatzeko zikloa ixten da eta ahaztuta eduki nahi izan direnak aintzatesteko zikloa irekitzen dugu», azpimarratu du Urkulliuk.