NAIZ

Martxa «arrakastatsuak» espero dituzte Orain Presoak manifestazioen antolatzaileek

Jasotako datuen arabera, iazko asistentzia datu «antzekoetan» ibiltzea espero dute larunbat arratsalde honetarako euskal presoen eskubideen defentsan Orain Presoak lelopean Baiona eta Bilbon egingo diren manifestazioen antolatzaileek. Ipar Euskal Herrian, esaterako, alkateen %65ak egin du bat mobilizazioarekin.

Joseba Azkarraga eta Arantza Aldezabal, adierazpenak egiten. (@sare_herritarra)
Joseba Azkarraga eta Arantza Aldezabal, adierazpenak egiten. (@sare_herritarra)

Larunbat arratsalde honetan Baiona eta Bilbon euskal presoen eskubideen alde egingo diren manifestazioen aitzinean, hauen inguruko hainbat aurreikuspen helarazi nahi izan ditu Sarek.

Adierazi dutenez, eta jasotako datuen arabera betiere, iazko asistentziaren datu «antzekoak» espero dituzte Orain Presoak manifestazioaren antolatzaileek. «Kasu honetan, kontuan izan behar dugu bi hiriburutan gauzatuko dela manifestazioa, Baiona eta Bilbon», azpimarratu dute.

«Aurreikuspenak oso positiboak dira, eta esan dezakegu asistentzia eta aldarrikapen demokratikoa zein baketsua erabat arrakastatsua izango dela», adierazi dute Sareren bozeramaileek hedabideen aurrean.

Bilboko kasuan, martxa abiatu aurretik Orain Presoak leloa duen lona bat irekiko dute kultura, kirol, unibertsitate eta abar munduko hainbat norbanakok eramango dutena eta atzetik lelo bera eramango duen pankarta bat joango da.

Pankarta Joseba Azkarragak, Arantza Aldezabalek, Zesar Martinezek, Sara Majarenasek, Olatz Iglesiasek, Mikel Kasadok, Irati Agorriak, Laura Gomezek, Javier Sadabak, Pili Kaltzadak, Laura Masvidalek eta Urtzi Errazkinek eramango dute.

Bilboko Udaleko eskaileratan irakurriko dute manifestazio osteko manifestua, Javier Sadaba –Madrilen bizi den filosofo euskalduna– eta Pili Kaltzadak –kazetaria eta idazlea–. Hizlarien ostean, Euskal Herriko hiru trikitilarik –Onintza Rojas (Koban), Ines Osinaga (Gose) eta Josune Arakistain (Huntza)– Txoriak Txori abestia joko dute; abesti berarekin itxiko da Baionako ekitaldia ere.

«Sufrimenduarekin amaitu eta elkarbizitzarako espazioa aldarrikatuko dugu gaur Bilbo eta Baionan. Euskal gizarteak aldarrikatzen duena, hain zuzen ere. Ahaztu gabe, baina gorrotorik gabe», adierazi dute.

Babes adierazgarria Ipar Euskal Herrian

Nabarmen egin du gora azken egunotan martxak Ipar Euskal Herrian jaso duen sostengua. Esaterako, alkateen %65ak –102 orotara– egin du dei presoen eskubideen aldeko manifestazioetan parte hartzera.

270 hautetsi dira mobilizazioarekin bat egin dutenak eta Herri Elkargoaren zuzendaritza osatzen duten 25 hautetsietatik 20k egin dute bat martxarekin.