naiz

'LK' lelopean, maiatzaren 12an hartuko du Senperek aurtengo Herri Urrats

Aurtengo Herri Urrats maiatzaren 12an antolatuko da, ohi legez, Senperen. 'LK' lelo hartuta ospatuko dute Seaskaren 50. urteurrena. «Elekatuz lortuko dugu-eta gure hizkuntzari jendartean zor zaion lekua», adierazi dute antolatzaileek.

Herri Urratsek 2019ko edizioa aurkeztu du. (Bob EDME)
Herri Urratsek 2019ko edizioa aurkeztu du. (Bob EDME)

Aurtengo Herri Urratsa berezia izanen du, Seaskak 50 urte egiten ditu-eta. Eta horrekin lotuta dator edizio honetako leloa: 'LK'. L letra 50 da zifra erromatarretan eta K hizkiak, euskaraz, plurala adierazten du. Horretaz gain, «elekatu» hitz egitearen sinonimo da, «elekatuz lortuko dugu-eta gure hizkuntzari jendartean zor zaion lekua». Azkenik L eta K lizeo eta kolegio hitzen lehen hizkiak dira eta aurtengo etekinak Estitxu Robles kolegioko berritze lanak eta Bernat Etxepare Lizeoko handitze lanei bideratuta egonen dira. 

Maiatzaren 12an antolatuko da Senperen aurtengo Herri Urratsa. «Euskara ikastea, euskaraz ikastea eta euskaraz mintzatzea gure hizkuntzaz gozatzeko ezinbesteko urratsak dira», adierazi dute gaur goizean egindako agerraldian. Aipatu dutenez, 2016 urteko azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, Ipar Euskal Herriarn euskararen gainbehera eten egin da eta berreskuratze bidean dago.

Doinua aurtengo jaiari En Tol Sarmiento arabarrek jarriko diote, Maddalen Arzallusen letrekin. Paxkal Etxepareren grabaketa estudioan eginen dute asteburu honetan zehar.

Maiatzeko hitzorduaz gain, otsailaren 10ean Bectso saioa eginen dute Senpereko Larreko gelan. Bertan, Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak izanen dira. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre. Ikastoletan, Herri Urratsen webgunean edo Baionako Elkar dendan lor daitezke sarrerak dagoeneko.

Bestetik, urtarrilaren 25ean bertso afari bat egingo dute Astigarragako Zapiain sagardotegian.