Jon Ormazabal

Partida iraulita, zulotik irten dira Ezkurdia-Ladis Galarza

Lasok hasiera bikaina eman dio partidari, eta Baikokoak 4-11 aurreratu dira lan erditan, baina azkenerako huts gehitxo pilatu dituzte, orotara 12 eta puntuak ihes egin die.

Ezkurdia eta Galarza, garaipena ospatzen. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Ezkurdia eta Galarza, garaipena ospatzen. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Zulotik ihes egiteko partida garrantzitsua jokatu dute gaur Mungian sailkapeneko bi azken bikoteek eta Ezkurdia-Ladis Galarza izan dira hirugarren puntua lortu duen bikotea, Urrutikoetxearen ordez aritu den Laso eta Andoni Aretxabaletari 22-18 irabazita.

Partidak bi zati oso desberdin izan ditu. Lehenengoan, emandako aukera probestu nahi izan duen Unai Laso izan da protagonista, era guztietako tantoak lortuz. Atzean Aretxabaleta ere txukun aritu da eta lan erdietara zazpi tantutako aldearekin heldu dira Baikokoak (4-11).

Lehia, ordea, erabat aldatu da bigarren erdian. Alde batetik, urdinak hutsak pilatzen hasi dira eta, gainera, Joseba Ezkurdiak jokoan sartzeko askoz aukera gehiago izan ditu eta markagailua hamahiruna orekatzea lortu dute. Azken txanpan, Aspekoak askoz txukunago aritu dira pilotan eta azken postuari ihes egitea lortu dute.