NAIZ
OZAETA

Iriarte: «Garai ilunak datoz eta kezkatuta gaude; inboluzioan murgildu da Estatu espainiarra»

Arabako koalizio kideen aurrean egin du hitzartzea larunbat eguerdi honetan Maddalen Iriartek. Bertan, «garai ilunak» datozela eta, «kezkatuta» dagoela adierazi du. «Inboluzioan» sartua ikusten du Estatu espainiarra, eta horren aurrean estatu berriaren eraikuntzan eragitea aldarrikatu du.

Iriarte, Arabako koaliziokideen aurrean egindako agerraldian. (@ehbilduaraba)
Iriarte, Arabako koaliziokideen aurrean egindako agerraldian. (@ehbilduaraba)

Etorkizuneko Arabarako lehentasunak aurkeztu ditu larunbat eguerdi honetan EH Bilduk. Besteak beste, kalitatezko zerbitzu sozialak, garapen sozioekonomiko endogenoa, lurralde oreka eta lurraren defentsa oinarri izango dituen proposamena da Kike Fernandez de Pinedok aurkeztu duena.

Ekitaldian hartu du parte ere Maddalen Iriartek, Gasteizko Legebiltzarrean koalizioaren eleduna denak. «Garai ilunak» datozela ohartarazi du honek, uste baitu «inboluzio oso larrian» dagoela murgildua Estatu espainiarra: «Kezkatuta gaude».

Izan ere, uste du Iriartek inboluzio horren ondorioz euskal herritarren eskubide nazionalak eta sozialak «arriskuan» daudela, euskal gizarteak irabazitako eskubideak «kolokan» daudela. Egoera horren aurrean, begirale papera ez hartzeko deia egin du.

«Erantzukizunarekin eta elkarlana bilatuz erantzuteko garaia da», azpimarratu du, adibidetzat Maroto Gasteizko alkatetzara iristea saihesteko eginiko saiakera edota Nafarroan erregimena kanporatzeko eta aldaketa bultzatzeko ahalegina jarriz. «Inork ezin du zalantzan jarri EH Bilduk berriro egingo duela, egoerak hori eskatzen badu».

Adierazi du Iriartek salbuespeneko egoerek «salbuespeneko» neurriak eskatzen dituztela. «Gero eta indar gehiago hartzen ari den autoritarismoari aurre egiteko ez da nahikoa horma eraikitzea. Gehiago behar da; beharrezkoa da estatus berriaren eraikuntzan eta lorpenean aurrera-urratsak egitea».

«Inoiz baino beharrezkoagoa dugu estatus berria izatea, Espainiako estatuarekin izan beharreko harremana berdintasunean oinarritua izateko», adierazi du koalizioaren eledunak, gaineratuz estatus berria erdiesteko bermea dela EH Bildu, «Espainiako eskuinak gelditzeko bermea da EH Bildu».