NAIZ
DONOSTIA

Iñaki Igerategi bere suhiltzaile postura itzultzeko eskatu diote lankideek Markel Olanori

Gipuzkoako 50 bat suhiltzailek elkarretaratzea egin dute Aldundiaren egoitzaren aurrean, Iñaki Igerategi lankidea bere lanpostura itzul dadin eskatzeko. Espetxean sei urte pasa ondoren «bigarren zigor bat» ezartzen ari zaizkiola salatu dute Markel Olanori zuzendutako eskutitz batean. 

Iñaki Igerategi lankidearen itzulera eskatzeko elkarretaratzea egin dute hamarka suhiltzailek Aldundiaren aurrean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Iñaki Igerategi lankidearen itzulera eskatzeko elkarretaratzea egin dute hamarka suhiltzailek Aldundiaren aurrean. (Gorka RUBIO/FOKU)

«Zigor bikoitzik ez. Iñaki lanera! Aldundira!» zioen pankarta baten atzean bildu dira 50 suhiltzaile inguru, Iñaki Igerategi preso ohiaren kaleratzea salatu eta bere suhiltzaile lanpostura itzul dadila exijitzeko. 

Unai Badiolak hartu du hitza eta, orain arte egin dituzten protesta ekimen desberdinez gain, EAJren jarrera txarretsi dute, «Iñakiri bere zigorra beteta bigarren zigor bat ezarri diotelako, lanetik kanporatuz». 

Markel Olano ahaldun nagusiari 150 bat suhiltzailek sinatutako gutun bat eman nahi izan diote, baina ez ditu hartu. Hilaren 11n eginiko hitzordu eskaerak ere ez du erantzunik jaso. 

Eskutitzean azaltzen dute Igerategi Tolosako parkeko suhiltzailea zela, 2012ko otsailean Polizia espainiarrak atxilotu zuenean. 

Auzitegi Nazionalak ezarri zion sei urteko espetxe zigorra beteta, iazko otsailean aske gelditu zen eta lanpostura itzultzeko eskaera egin zion Aldundiari. 

Foru erakundeak, salatu dutenez, «aurrerkari legalei muzin eginez, ukatu zion bere lampostura itzultzeko eskubidea eta funtzionario karreratik baztertu zuen, beteta zuen zigorrari beste bat erantsiz». 

Sinatzaileek nabarmendu dute erabaki «oso larria» dela, Igerategik «eskubide osoa duelako bere lanpostura bueltatzeko» eta, «are larriagoa, Gipuzkoako Aldundiaren Suhiltzaileen Zerbitzuan gabezia petsonal handiak daudenean, azken asteotan suhiltzaile-etxe bat itxita izatera behartu dutenak». 

Azkenik, argi utzi dute «ez garela geldi egongo Iñaki parkean gurekin, herritarren zerbitzura, berriro ikusi arte».