Jon Ormazabal

Behetik gora eginda, txapelketa bizirik mantendu dute Altuna-Martijak (22-15)

Artola-Mariezkurrena oso indartsu hasi dira, 2-8 ere aurreratu dira, baina pilotak gastatutakoan Aspekoek gora egin dute nabarmen eta buelta eman diote partidari 14-1eko partzial batekin.

Altuna eta Martija, garaipena ospatzen (Andoni CANELLADA/FOKU)
Altuna eta Martija, garaipena ospatzen (Andoni CANELLADA/FOKU)

Altuna III.a-Martijak eskuratutako garaipenarekin, hurrengo aste bukaerara arte itxaron beharko da aurtengo Binakako Txapelketako finalerdietan arituko diren lau bikoteen izenak jakin ahal izateko. Gaur Tolosan aritu diren bi bikoteen artean jarraitzen du laugarren txartel horrek baina aukerak asko zabaldu dira.

Ezkurdia-Ladis Galarzaren aurka jokatu beharko dute larunbatean Artola-Mariezkurrenak eta Bengoetxea VI.a-Imazen aurka, igandean Donostian, gaurko irabazleek. Atzoko emaitzaren ostean, Baikoko bikotea da orain azken partida hori irabaztera behartuta dagoena, bestelako berdinketa guztietan galtzaile irtengo lirateke eta. Bi bikoteek euren partidak aurrera aterako balituzte, dena larunbatean Ataunen jokatuko den partidaren emaitzaren baitan legoke eta bertan gauza bitxi bat gertatuko litzateke Altuna-Martijari Victor-Albisuk irabaztea komeniko litzaieke eta Artola-Mariezkurrenari Irribarria-Zabaletak.

Eta hori guztia, bi zati oso desberdin izan dituen partidaren ostean. Izan ere, txapelketaren laburpen moduko bat bailitzan, Artola-Mariezkurrenak oso indartsu ekin diote gaurko lehiari. Altunak gehiegizkotzat jo duen materiala lagun, Alegikoa eta Berriozarreko atzelariak euren joa nagusitu dute eta 3-8 eta 8-14 aurreratu dira markagailuan.

Unerik desegokienean, ordea, Artolak pasa bat egin du sakez, gorriek euren materiala kantxan jartzeko modua izan dute, urdinen pilotak ere gastatu egin dira eta partida errotik aldatu da. Ordura arte Mariezkurrenak erabat dominatua izan den Martija askoz erosoago aritu da kantxan, Altunak ere jokoan sartzeko askoz aukera gehiago izan ditu eta, markagailuari izugarrizko buelta emanda, 14-1eko partzialarekin amezketarra eta Etxeberrikoa nagusitu dira.