naiz
Bilbo

Sridhar Rangayan zinegile indiarrak Zinegoakeko ohorezko saria jaso du

«Ez nuen ekintzailea izatea asmorik, baina hala suertatu da eta helburua homosexualitatea normalizatzea da, hurruneko haur bati informazioa ematea», azaldu du Zinegoakeko 16. edizioan ohorezko saria jasoko duen Sridhar Rangayan zinegile indiarrak.

Zinegoak jaialdiak Sridhar Rangayan zinegilea aurkeztu du, aurtengo ohorezko saria. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Zinegoak jaialdiak Sridhar Rangayan zinegilea aurkeztu du, aurtengo ohorezko saria. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Zinegoakeko 16. edizioko hasiera ekitaldia gaur izango da, Arriaga Antzokian, eta bertan jasoko du Sridhar Rangayanek ohorezko saria. Antzokian bertan antolatutako prentsaurrekoan, Rangayan hunkituta agertu da aitormenarekin: «Niretzako ohorea da Zinegoakeko sari bat jasotzen duen Indiako lehenengo zinegilea izatea. Indian LGTBQ zinema egiten dugunentzat bultzada izango da, han ez dugulako baliabiderik, zentsura dagoelako eta zinemagintzaren industriak ez gaituelako batere laguntzen».

Ohorezko Saria jasotzeaz gain, Rangayanek bere azken lana, ‘Evening Shadows’, aurkeztu zuen atzo, BBK aretoan antolatutako proiekzioan. Zuzendariak publikoarekin berba egiteko aukera izan zuen, eta bere azken lanen inguruan hitz egin zuen: «Nire pelikulak ez dira bakarrik artelanak, LGTBQ mugimenduaren erremintak ere badira».

«Indian ez gaituzte pertsona normal gisa ikusten, gure ogibideekin. Uste dute LGTBIarekin zerikusia duen guztia txarra dela eta mendebaldetik datorrela», gaineratu du. «Nere amak beti esan dit asko maite nauela, baina gauza hauetaz publikoki ez hitz egitea eskatu dit, eta beste askok ere eskatu didate lan hau ezkutuan egiteko. Ez nuen ekintzailea izatea asmorik, baina hala suertatu da eta helburua homosexualitatea normalizatzea da, hurruneko haur bati informazioa ematea», gehitu du zinegileak. 

Indian «aldaketa bat» beharrezkoa dela azpimarratu du eta filmek bide horretan egin dezaketen lana goraipatu nahi izan du.

Rangayanek hamarkada bi daramatza giza eskubideak eta sexu-aniztasuna lantzen. Bere zineak gai ezberdinei ateak ireki dizkie eta zentsuratutako ahotsen istorioak kontatu ditu. 2001. urtean Rangayanek Solaris ekoiztetxea sortu zuen Saagar Gupta idazle eta zuzendari artistikoarekin batera. Solaris LGTB pelikuletan espezializatutako Indiako lehenengo ekoiztetxea da. Kashish jaialdia ere ekoiztetxearen bitartez antolatzen dute. Bombayko queer jaialdiak 10 edizio bete ditu eta mundu mailako erreferentzia bihurtu da.

Solarisen egin duen lanaz gain, Rangayanek hainbat film zuzendu ditu, eta guztietan LGTB edukiak oso presente egon dira.