Naiz
Donostia

Gipuzkoako DIA supermerkatuak ere grebara atxikitu dira

DIA supermerkatuetako Bizkaiko langileen asanbladak igandean erabakitakoarekin bat egin dute Gipuzkoakoek. Otsailaren 27 eta 28an eta martxoaren 5an deitu dituzte grebara ELA eta LABek gehiengoa duten lurraldeetako langileei. Martxoaren 11tik aurrera greba mugagabea hasiko dutela iragarri dute.

Otsailaren 8an jakinarazi zuen DIA supermerkatuen taldeko zuzendaritzak Enplegu Erregulazio Espedientearen prozedurari ekingo ziola, zeinak Estatu espainoleko 2.100 langileri eragingo dien. Espedienteaz gain, 15 eguneko epean mahai-negoziatzailea eratuko zela ere adierazi zuen baina ELA eta LAB kexatu dira beraiei ez diela abisatu negoziazio horretan parte hartzeko, «Euskal Herrian ordezkaritzan nagusi izan arren».

ELA eta LABek adierazi dute Fetico, CCOO eta UGTk zabaldu duten informazioaren arabera ostiral honetan eratuko dela azkenean negoziazio-mahaia. Honen aurrean, bi euskal sindikatuek diote Euskal Herrian DIAko dendek duten errealitatea «aztertzeko beste ikuspuntu bat behar dela». Mahai horretan parte hartzeko eskubidea «zor» zaiela defendatzen dute. Negoziazio mahaia beraien ordezkaririk gabe eratzen bada, «antidemokratikoa eta legez kanpokoa» izango dela ziurtatu dute ELA eta LABek ohar partekatu batean.

Gainera, beraien aburuz langileek ez dute inolako ardurarik taldearen akzio eta finantzek duten egoerarekiko eta arazoen jatorria zuzendaritza talde ezberdinen «ez egitekoetan» oinarritzen delakoan daude. Azken hilabeteetan mobilizazio eta grebak egin dituzte, izan ere prekarietatearekin amaitzea eta lan-taldea handitzea eskatzen dute sindikatuek: «DIAren etorkizuna bermatzeko kudeaketa eta zerbitzu hobea behar da; horrek eskatzen ditu langile gehiago eta lan baldintza hobeak».