NAIZ
DONOSTIA

Metroaren lanek Donostiako etxebizitza batean pitzadurak eragin dituztela jakinarazi dute

Zubieta kaleko eraikin baten goiko solairuan agertu diren pitzaduren argazkiak zabaldu ditu Donostia Defendatuz koordinakundeak. Metroa eraikitzeko lanei egotzi dizkioten kalte hauen harira agerraldia egingo dute datorren asteazkenean, otsailak 27. 

Zubieta kaleko eraikin batean agertutako pitzadura. (Donostia Defendatuz)
Zubieta kaleko eraikin batean agertutako pitzadura. (Donostia Defendatuz)

Ohar batean, Pilar Arana Mugikortasuneko eta Garraioko zinegotziaren hitzak ekarri ditu gogora Donostia Defendatuz-ek, hilaren 6ko jarraipen batzordean esan baitzuen metroa eraikitzeko lanek ez dutela «inongo eraikinetan» pitzadurarik eragin. 

Donostian hirigintza arloko «jarduera erasokorrei aurre egiteko» hainbat herri mugimendu eta elkarte biltzen dituen koordinakundeak jakinarazi du metroaren eraikuntza lanek Zubieta kaleko eraikin baten goiko solairuan pitzadurak eragin dituztela. 

Hainbat argazki zabaldu dituzte, «obraren bibrazioek etxeko pareta eta hormetan eragindako pitzadurak eta gela baetko lurzoruaren eta homaren artean sorturiko dislokazioa erakusten dutenak». 

Prentsaurrekoa, hilaren 27an

Donostia Defendatuz koordinadorako kideek adierazi dute «kezka areagotuz» doala hirian, «jada afekzio larriak eraginez egiten ari diren obra handi honen inguruan».

Hori dela-eta, datorren asteazkenean, hilak 27, Donostiako Easo kalean, metroko obren ondoan prentsaurreko bat egingo dute, «hain zuzen ere hiriko lurpe hareatsuan zimendatuta dauden Cortazar zabalguneko jatorrizko eraikinentzat obra honek dakartzan arrisku larriak salatzen dituen dokumentu bat argitara emateko».