Naiz
Donostia

Joan Baez, Silvia Perez Cruz eta Martirio Donostiako Jazzaldian izango direla iragarri dute

54. Heineken Jazzaldiaren hasieran mundu mailako bi izar izango dira Heineken Agertoki Berdean, uztailaren 24ko arratsaldean. Izan ere, jada aurreikusia zegoen Jamie Cullumeri, Joan Baez gehitu zaio. Biak Zurriolako hondartzan izango dira, doako emanaldietan.

Pedro Parraga - Angel Caño
Pedro Parraga - Angel Caño

Joan Baez folkeko ahotsik errespetatuenetariko bat da, zein bere ibilbide luzeari esker herri musikako mito bilakatu dena. Gaur bertan iragarri dutenez, protesta kanten erregina Donostiako Jazzaldiaren 54. edizioko eszenatoki nagusia zabalduko du uztailaren 24an. Zurriolako Heineken Agertoki Berdean izango da 21.00etan. Bere atzetik joko du Jamie Cullum.

Baez Donostian izango dela iragartzearekin batera beste bi emakumeren izenak ezagutzera eman zituzten. Alde batetik, Silvia Perez Cruz Toquinho gitarrista eta abeslari brasildarrarekin eta Javier Colina kontrabaxu jotzaile nafarrarekin izango da, uztailaren 28an Trinitate Plazako kontzertuei urrezko itxiera emanez.

Bestetik, Martirio abeslaria gonbidatu dute. Honakoa Chano Dominguez pianistarekin izango da duela gutxi grabatu duten "Bola de nieve" diskoa aukerzten, Victoria Eugeniako Skoda Gunean.

Lau eguneko egitaraua

Iragarri berri diren izenez gain, puntako beste musikari asko pasatuko dira Jazzaldiko eszenatoki desberdinetatik. Esaterako, Joe Jacksonek bere azken diska aurkeztuko du; duela hamar urte Kursaaleko Terrazetatik pasatu zen Atom talde eskandinaviarra Donostiara itzuliko da; Unspeakable Garbage Moppa Elliotten talde berriak rockero taldeen energia erakutsiko du taula gainean; John Zornek 30 musikariz osatutako Bagatelles Marathon taldearekin izango da Kursaal auditorioan; eta Trinitate Plazan izango dira Diana Krall, Maria Schneider, Donny McCaslin eta Joshua Redman, Neneh Cherry Zurriolan agertuko den bitartean.

Ordainpeko kontzertuetarako sarrerak jada salgai daude Jazzaldiaren webgunean, Donostia Kulturaren webgunean, Victoria Eugenia Antzokiaren txarteldegian eta Donostiako Fnac dendan. Sarrera solteak zein abonuak izango dira eskuragarri.

Jahmal Nichols kartelean

Jahmal Nichols kontrabaxu jotzaileak publikoa zoratu egin zuen 2017ko edizioan eskainitako emanaldian. 54. edizio honetan Nichols bera da jaialdiaren irudia. Pedro Parragak eta Angel Cañok sortutako kartelean musikaria ageri da, ilustrazio batean. Nicholsek Gregory Porterrek eskaini zuen kontzertuan parte hartu zuen eta orduan egin zion argazkia Parragak. Cañok irudi hori moldatu egin du kartela sortzeko.