Amalur Artola

‘Idazleen gorputzak’ saiakera argitaratu du Eider Rodriguezek

Literaturaren joko zelaian emakumezko gisa aritzeak dakartzan baldintzapenak aztertu ditu Eider Rodriguezek ‘Idazleen gorputzak’ saiakeran. Lisipe bildumako 6. alea da. 

Eider Rodriguez, liburuaren aurkezpenean.   Jon URBE | FOKU
Eider Rodriguez, liburuaren aurkezpenean. Jon URBE | FOKU

Emakumezko idazleek euren literatur jarduna nola bizi duten aztertu du Eider Rodriguezek ‘Idazleen gorputzak. Egiletasuna ezbaian literaturaren joko zelaian’ saiakeran. Susa argitaletxearen Lisipe bildumako 6. alea da argitalpena eta hiru atal ditu: hausnarketa filosofikoak, idazleekin elkarrizketak (Arantxa Urretabizkaia Bejarano, Laura Mintegi Lakarra, Miren Agur Meabe Plaza, Karmele Jaio Eiguren eta Uxue Alberdi Estibaritz) eta ondorioak.

Liburua gaur goizean aurkeztu dute Donostiako Pandora tabernan, egilea eta elkarrizketatuetako gehienak bertan zirela. Jule Goikoetxea da liburuaren editoretza lanak egin dituena, eta, Rodriguezi sarrera eginez, lanaren zertzelada orokorrak marraztu ditu. Hitza hartuta, azterketa hau egitera bultzatu duten arrazoiez aritu da Rodriguez: «Hazia aspaldiko da, kezka bat banuen, ikusten nuelako abeslari, artista, idazle… askok tonu, postura edo egoteko modu jakin bat hartzen genuela, baina zaila egiten zitzaidan hori adieraztea; eszenara modu konkretu batean sartzen ginen, eta bagenekien beste modu konkretu batean ezin genezakeela sar. Kontuz genbiltzan zapaltzen ari ginen territorio horretan».

Plaza publikora ateratzeko modu zehatz horren atzean aurretiaz ezarritako diskurtsoak daudela ebatzi zuen eta mekanismo horiek emakumezko idazleengan nola eragiten zuen aztertu nahi izan zuen. «Emakumeak literaturan ere baztertu eta jazarriak izan direla badakigu», azaldu du, eta adibide bezala jarri ditu literatur lanak senarraren izen-abizenen pean argitara eman dituzten emakumeak edota bere buruaz beste egitera iritsi direnak.

«Orain mekanismoak ez dira horren zabarrak, sofistikatuagoak dira, esaten zaigu nolakoa izan behar duen kanonak», aipatu du, eta gaineratu du egungo autore askok «autodefentsa jantziarekin» egin dutela jauzi plazara: «Armadurarekin sartu dira oraindik odoldua dagoen plazara, eta armadurak behartu bai baina mugatu egiten du», ekarri du gogora, jantziak geziak ekidin bai baina mugikortasuna oztopatzen duela eta gerlaria zaldien oinpean hiltzera eraman ohi duela nabarmenduz.

Literatura androzentrikoa

«Literatura erabat androzentrikoa izan da eta emakume idazlearen gorputza ez da idazle gorputz neutrala, ez da gorputz unibertsala, eta horrek idazleari, testuari eta irakurleari nola eragiten dion ikusi nahi nuen», laburtu du. Hala, gorputza, jarrerrak, jantziak edota testuak, elementu ezberdinak izan ditu aztergai idazle oreretarrak.

Ondorioen atalaren laburpena ere egin du. Esaterako, aipatu du emakume idazleek «apal izateko deia» jaso ohi dutela, baita plazara ateratzeko gonbidatuak sentitu direla ere. «Norbaiten besotik joan direla sentitu izan dute», esan du. Literatur jarduerari eusteko «egoskorkeria» izan dute elkarrizketatutako emakumezko idazleek, «baldintzak edozein zirela ere aurrera egiteko» grina, eta feminismoak ere izan du eraginik eurengan: «Bakoitzari eragin dio modu batera edo bestera, baina denei argia eman die munduari, literaturari eta harremanei beste modu batera begiratzeko». Amatasunak ere –bost elkarrizketatuak dira ama– euren jardunean eragina izan duela ere nabarmendu du.

«Oso argi du hau hurbilketa bat dela», adierazi nahi izan du, sei emakume idazleren –bost elkarrizketatuak eta bera– sentipen eta pertzeptzioak biltzen baititu lanak, baina orohar emakume idazleek literaturaren ingurukoak bizitzeko duten moduaren adierazle izan daitekeela uste du.