NAIZ
GASTEIZ

Itunpeko ikastetxeen lan gatazkan «posizio maximalistetatik aldentzeko» deia egin du Lakuak

Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako lan gatazka eta haren harira izan diren greba egunen inguruan «kezka handia» adierazi du Lakuak Hezkuntza Sailak. «Posizio maximalistetatik aldendu» eta irtenbideak bilatzeko deia egin die aldeei Cristina Uriarte sailburuak. 

Olatz Garamendi eta Cristina Uriarte. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Olatz Garamendi eta Cristina Uriarte. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearekin batera eginiko agerraldian, gizarte ekimeneko ikastetxeetan azkenaldian izan diren greba egunen inguruko irakurketa egin du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. 

Uriartek azaldu duenez, departamentuan «kezka handiz» bizi dute patronal eta sindikatuen arteko lan gatazka eta bere ondorioak, «ikasle askorentzat eta familia askorentzat kaltea begi-bistakoa delako». 

Egoera «konplexua» dela aitortu du sailburuak eta, hortaz, alde guztiek «erantzukizunez» jokatu behar dutela azpimarratu du. «Dei egiten diegu berriro ere alde guztiei, ikasleei egiten zaien kalte objektiboa aintzat hartu eta parteen posizio maximalistetatik aldenduz, irtenbideak bilatu ditzaten», gaineratu du.

Azaldu duenez, «zilegi» da nork bere ikuspuntua defenditzea, baina «ahalegin berezia» eskatu du ikasleen eskubideei «lehentasuna eman» eta beraien «interesak modulatu» ditzaten. 

Akordioa patronal eta sindikatuen artean gauzatu behar den arren, Cristina Uriartek adierazi du Hezkuntza Sailak «gogotik» egin duela lan azken hilabeteotan eta alde guztiekin bilera ugari izan dituela, «oso era diskretuan bada ere». 

Lan baldintzen esparrua bi aldeei dagokiela esan du Hezkuntza Sailak, baina, jaitsiera demografikoaren aurrean, «lanpostuak mantentzea bezalako gai garrantzitsu batean» lagundu dezakeela gaineratu du. Departamentuaren ahalegina horretara bideratu dutela eta «orain arte bezala» lanean jarraituko dutela adierazi dute.