NAIZ
GASTEIZ

Urtean 12 kontzertuko muga kenduko du Lakuak sektorearen protestaren ondoren

Lakuako Gobernuak bertan behera utziko du taberna eta areto txikietan ezarri zuen urtean 12 kontzertuko muga. Musikari eta ostalariek kalean salatu zuen araua eta oposizioko taldeek Legebiltzarrera eraman zuten pasa den astean hura bertan behera uzteko proposamena. EAJ eta PSE orduan abstenitu egin ziren baina gaur jakinarazi du Segurtasun Sailak araua bertan behera utzi eta, orain bai, gaiak eragiten dien aktoreen ekarpenak jasotzeko tartea irekiko duela. 

Otsaila erdi aldera Legebiltzarreko atarira eraman zuen Arteak Ireki ekimenak protesta.
Otsaila erdi aldera Legebiltzarreko atarira eraman zuen Arteak Ireki ekimenak protesta.

Atzera egin du Lakuako Gobernuak taberna eta areto txikietan ezarri zuen urteko 12 kontzertuko mugan. Kalean egin dute protesta musikari eta ostalariek eta Legebiltzarrean oposizioko taldeek eta azkenean araua kendu eta berraztertzeko epea iragarri du Segurtasun Sailak. 

Apirilean zen ezartzekoa mugapen hau eta azken asteetan arauaren aurkako mobilizazio dezente izan da, bereziki 'Arteak ireki' dinamikaren baitan. Gainera, pasa den astean Gasteizko Legebiltzarrak arau hori bertan behera uzteko proposamena onartu zuen; aldeko botoa eman zuten EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk eta abstenitu egin ziren gobernua sustengatzen duten PSE eta EAJ. 

Gaur, ordea, araua bertan behera utziko dutela iragarri du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, «ikusiko dugu azkenean nola geratzen den, oraingoz hamabiko muga hori bertan behera uztea da egiten ari garena», esan du. Hori bakarrik ez, aurrez ez bezala, orain arauak eragiten dien aktoreekin hitz egingo dutela adierazi du eta aukera izango dutela ekarpenak egiteko. 

«Berria positiboa da. Pozik gaude, baina tentuz», adierazi du Arteak Irekiko ordezkari batek. «Hurrengo egunetan ikusi beharko dugulako nola gauzatzen den eta zertan geratzen den, gogoratu behar dugulako dekretua apirilaren 21ean sartzen dela indarrean. Une honetan segurtasun juridiko eza dago, ez dakigulako dekretua indarrean jarriko den, ez dakigulako teknikoki nola egiten den hori ezabatzea, ez dakigulako zeinek egin behar duen». Hortaz, biharko deialdia mantentzea erabaki dute.