Asier Aiestaran

Irribarria eta Zabaleta moralez gainezka iritsiko dira Binakako Txapelketaren finalera

Jada sailkatuta egon arren, Aspeko bikoteak partida bikaina jokatu du Labriten eta 12-22 menderatu dituzte Victor eta Albisu.

Irribarria fin aritu da errematean (Gorka RUBIO / FOKU)
Irribarria fin aritu da errematean (Gorka RUBIO / FOKU)

Iker Irribarria eta Jose Javier Zabaleta hasieratik ziren Binakako Txapelketa irabazteko faborito nagusietako batzuk, eta jada finalerako bi aste bakarrik geratzen diren une honetan pronostiko hori gero eta garbiagoa da.

Jada sailkatuta egon arren, Aspeko bikoteak oso partida serioa egin du Labriten, finalerdietako ligaxka garaipen batekin amaitzeko: 12-22 berriz ere erdizka geratu diren Victor eta Albisuren aurka.

Hasieratik ireki dute tartea markagailuan Irribarriak eta Zabaletak. Aramako aurrelaria oso inspiratuta ibili da hasieratik eta bere lau tanto bikainekin 0-6 aurreratu dira urdinak.

Apurka-apurka Albisu jokoan sartzen joan da, eta Victorrek tarteka tanto on batzuk ere egin ditu. Kostata bada ere, 7-9 eta 8-10 hurbildu dira gorriak, baina aurreko bi partidetan gertatu bezala, egindako tantoak adina edo gehiago izan dituzte galdutakoak.

Hala, bigarren zatian erraz erabaki dute neurketa urdinek. Zabaletak ere sekulako pilotakadak jo ditu eta Irribarriaren zenbakiak sekulakoa izan dira azkenerako: 11 egindako jokoan, bat gehiago sakez, eta hiru bakarrik galdutakoak.