NAIZ

Nantes, euskal zinemaren erakusleiho

Zortzi film luze eta zortzi film labur eskainiko ditu Nantesko Zinemaldiko Fenêtre Basque atalak. Filmez gain, euskal zinegileen ordezkaritza zabala jasoko du jaialdiak egunotan.

Estatu frantsesean Estatu espainolean egindako zinemari eskainita antolatzen den jaialdirik nabarmenenak, Nantesko Festival du Cinéma Espagnol izenekoak, 29. edizioa du aurten. Gaurtik hasita apirilaren 7ra arte luzatuko da eta bertan Euskal Herrian egindako zinemari tarte bat egin diote Etxepare Euskal Institutuak, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, babesten duen Fenêtre Basque –Euskal Leihoa– atalari esker.

Zortzi film luze eta zortzi labur eskainiko dira aurten 19 urte betetzen dituen Fenêtre Basque-n. Hautatutako filmak jaialdiaren sail ezberdinetan ikusi ahal izango dira, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin, eta horietatik batzuk sariren bat lortzeko lehiatuko dira. Nantesko Zinemaldiko Euskal Leihoak aukera paregabea eskaintzen die euskal zinemagileei euren lanak publiko frantsesaren, kritikaren eta zinemagintza industriaren aurrean erakusteko.

Euskal zinemaren eskaintza zabala

Film laburrei dagokienez, aurreko edizioetan bezala, Kimuak programaren azken bilduman jasotako lanak eskainiko dira Nantesen; kasu honetan, 2018. urtean aukeratuak izan ziren zazpi laburrak. Horietatik bat, Miguel Ángel Jiménezen ‘Kafenio Kastello’ (2018), gainera, film labur onenaren publikoaren saria lortzeko lehian sartu da. Film laburren zerrendarekin amaitzeko, Aizpea Goenaga zinemagilearen ‘Ya está’ (2019) lana ere aurkeztuko da bertan; zuzendaria bera, Barbara Goenaga eta Aia Kruse protagonista dituena.

Bere film laburrekin Kimuak programan urte askotan hautatua izan den Koldo Almandozek film luze bat aurkeztuko du oraingoan jaialdian: ‘Oreina’ (2018). Lan horrek, gainera, film onenaren Julio Verne saria eskura dezake. Film luzeekin jarraituz, Fermin Muguruzaren ‘Black Is Beltza’ (2018) lanak lehenbiziko fikzio luzearen saria lor dezake Nantesen. Horrez gain, Josu Martinez zinegileak bigarren urtez edukiko du dokumental onenaren saria lortzeko aukera, kasu honetan ‘Jainkoak ez dit barkatzen’ (2018) filmari esker; eta sail horretan lehiatuko da ‘Mudar la piel’ (2018) baita ere, Anna Schultz eta Cristobal Fernandezen dokumentala.

Horiek ez dira aurtengo Fenêtre Basque-en aurkeztuko diren euskal film luze bakarrak. Fernando Bernués zuzendariak paperetik pantailara eraman duen Bernardo Atxagaren ‘Soinujolearen semea’ (2019) eleberriaren egokitzapena ere emango dute Nantesen; baita Telmo Esnalen ‘Dantza’ (2018) ere. Amaitzeko, Iratxe Fresnedaren ‘Lurralde hotzak’ (2018) lanak, eta hainbat sari irabazi dituen ‘Un día más con vida’ (2018) Raul de la Fuente eta Damien Nenowren animaziozko filmak ere izango dute tartea jaialdian.

Euskal zinemaren ordezkariak jaialdian

Euskal zinemaren erakusleiho zabal eta heterogeneo honen osagarri gisa, hainbat euskal zinemagile eta aktore bertaratuko dira Nantesera egunotan. Aipatutako film luzeen egile gehienak jaialdian izango dira euren lanak aurkezten. Horrez gain, euskal ordezkaritza ere egongo da jaialdiaren epaimahai ezberdinetan: Eneko Sagardoy aktore euskaldunak Sail Ofizialeko epaimahaian hartuko du parte, eta Aizpea Goenaga Dokumentalen Saileko epaimahaikide izango da.

Zinemagintzaren praktikatik apur bat aldenduz, azkenik, Donostiako Zinemaldiko zuzendaria den Jose Luis Rebordinosek Javier Bardem aktoreari elkarrizketa bat egingo dio Nantesko operan, azken hau baita aurtengo edizioko artista omendua. Amaitzeko, Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek, ‘Euskal Zinema: zinemagileen hiru belaunaldi’ liburuaren frantseserako itzulpena aurkeztuko du ekitaldi batean. Euskal zinemagintzaren hiru belaunaldi aztertzen dituen argitalpen hau Etxepare Euskal Institutua, Euskal Kultur Erakundea (EKE) eta Euskadiko Filmategiaren arteko elkarlanaren fruitua da.