NAIZ
GASTEIZ

«Pentsio eta bizi baldintza duinak bermatzeko» EH Bildu «erabakigarria» izango da

Pentsiodunen borroka «eredugarria» txalotu eta biharko deitu dituzten mobilizazioekin bat egiteaz gain, EH Bilduk azpimarratu du koalizio abertzalea «erabakigarria» izango dela Madrilen euskal herritarrentzako «pentsio eta bizi baldintza duinak bermatzeko». 

Kike Fernandez de Pinedo, Laudion. (@ehbilduaraba)
Kike Fernandez de Pinedo, Laudion. (@ehbilduaraba)

Laudion eginiko ekitaldian, Kike Fernandez de Pinedok, Arabako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak gogoratu du koalizio abertzaleak hilabeteak egin dituela pentsiodunen egoera hobetzeko lanean. 

«Pentsio baxuenei Jaurlaritzak osagarria ordaintzeko eta euskal herritarrek ahalik eta pentsio duinenak izateko proposamena egin genuen EAEko aurrekontuen negoziazioan. Ez zen posible izan, Jaurlaritzak ez zituelako gure proposamenak onartu», adierazi du Fernandez de Pinedok. 

Hilaren 28ko hauteskundeei begira, adierazi du «Madrilera ere bai proposamen zehatzak» eramango dituztela. «Euskal pentsiodunen aldarrikapenekin bat eginez, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa izatearen alde, pentsio sistema publikoa bermatzeko eta aurrekontuetan pentsioek finantza nahikotasuna izateko lan egingo dugu», azpimarratu du. 

Horrez gain, sistema osoaren Hego Euskal Herriko erakundeen esku izatea koalizioaren lehentasunetako bat izango dela esan du. 

«EH Bilduko asko izango gara Madrilen eta erabakigarriak izango gara. Euskal herritarrei pentsio eta bizi baldintza duinak bermatzeko ere bai», esan du. 

Azkenik, bat egin du bihar eguerdian Gasteizko Artiumetik aterako den pentsiodunen mobilizazioarekin.