NAIZ

Bel Pozueta: «Borroka feministaren konpromisoa eramango dugu Madrilera»

Emakume Hautetsien I. Biltzarra egin du gaur goizean EH Bilduk Atarrabian. Hitza hartuta, borroka feministaren aldeko konpromisoa Madrilera eramateko gertu azaldu da Bel Pozueta, Kongresurako Nafarroako hautagaia.

Bel Pozuetaren hitzartzea Atarrabiako ekitaldian. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Bel Pozuetaren hitzartzea Atarrabiako ekitaldian. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Bel Pozueta, EH Bilduren Kongresurako Nafarroako hautagaiak borroka feminista izan du hizpide gaur Atarrabiako ekitaldi politikoan eta, besteren artean, Estatu espainoleko inboluzio giroaz ohartarazi du. «Inboluzio autoritario giro honetan, emakumeenak dira zalantzan jartzen diren lehen eskubideak, hainbesteko urteko borrokaren esker lortutako eskubideak dira zalantzan jartzen direnak», deitoratu du Pozuetak.

Zentzu horretan, «ohorea eta konpromisoa izango da niretzat borroka feminista Madrilgo Kongresura eramatea» ziurtatu du eta «feministok ohituak gaude argi luzeak jarrita borroka egitera. Mehatxuen eta mespretxuen gainetik, aurrera egiten badakigu», ekarri du gogora.

Madrilen zain dutenaren berri ere baduela esan du Pozuetak, «hemen ere jasan behar izan dugulako», baina konfidantza du «Nafarroa feministaak emango digun bultzadan. Hemen, Nafarroan eta Euskal Herria osoan, errebelatzen eta lehia sozial eta politikoa irabazten ari gara. Eta hori da Kongresura eramango duguna».

Sorgin-ehizaren gainetik

Indarkeria matxistaren berri izateko edota berditasunaren alde lan egiten dutenen aurkako sorgin-ehizaren lekuko izateko ez dela Andaluziara joan behar nabarmendu nahi izan du Pozuetak, biolentzia horrek sustrai sakon eta zabalak dituela agerian utziz: «Nafarroan ere sorgin-ehiza abiatu dute ikastetxeetara berdintasuna eta kohezkidetza eramateagatik, gure seme-alabak sexu eta genero aniztasunaren barruan hezteko aukera emateagatik, indarkeria matxista identifikatzen eta aurre egiten irakasteagatik…», aipatu du.

Azkenik, mehatxuak mehatxu, feminismoaren bidean aurrera egiteko konpromisoa erakutsi du: «Feminismoa da aldaketa sozial eta politikoaren ardatzetako bat. Lehen mailako herritarrak gara emakumeak eta horren araberako tratua nahi eta merezi dugu».

Bere aldetik, hainbeste urtean milaka emakumek egindako lana eta borroka aitortu eta eskertu du Bakartxo Ruizek. «Eremu guztietan politika feministak egiteko determinazioa daukagu, hori egin ezean, berdintasun eta indarkeria matxistaren aurkako legeak adabadi hutsak izango direlako. Erantzukizun handia daukagula badakit», esan du.