NAIZ
Bilbo

Bizkaiko etxez etxeko laguntzako langileek gaur hasi dute zazpi eguneko grebaldia

Bizkaiko etxez etxeko laguntza sektoreak zazpi greba egungehiago egingo ditu apirila eta maiatzean hitzarmen berri bat exijitzeko. Gaur eta bihar, asteazkena, izango dira hilabete honetako geldialdiak eta gainontzeko bost egunak maiatzaren 13tik 17ra bitartean iragarri dituzte ELA, LAB, UGT eta USOk.

Sektoreko langileek elkarretaratzea egin dute Bilboko Udaletxeko Erregistro Orokorrean. (FOKU)
Sektoreko langileek elkarretaratzea egin dute Bilboko Udaletxeko Erregistro Orokorrean. (FOKU)

Soldatak izozturik dituzte duela zazpi urtetik eta lau urte daude hitzarmena berritu gabe. Mobilizazioekin hasi zirela bi urte igaro dira eta lanuzteak egitea erabaki zutenetik urtebete pasatu da. Erantzun argirik jasotzen ez dutela ikusita, orain arte eginiko 26 greba egunei, beste zazpi egun batzea erabaki dute ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuek.

Gaurkoa izan da lehen eguna eta 11.00etan elkarretaratzea egin dute Bilboko Udaletxean. Elkarretaratzea bukatzean, laneko mantal txuria jantzita, udal egoitzako Erregistro Orokorrera sartu dira. Bertan eseri eta pankarta bat zabaldu dute, "Enplegu eta zerbitzuaren kalitatea bermatu" leloarekin. Ordu erdi pasa denean, udaltzain zein Ertzainek lekua uzteko abisua helarazi die, indarrezko ateraraztea saihesteko.

Bihar ere greba egingo dute eta 7:30etan manifestazioa iragarri dute Sabino Arana kalean hasi eta Bizkaiko Aldundiko egoitzaraino. Gainontzeko greba jardunaldiak maiatzaren 13tik 17ra bitartean egingo dituzte. 1.500 langile baino gehiago daude sektorean eta 8.000 menpeko pertsona artatzen dituen zerbitzua da honakoa.

Udalen erantzukizuna

Sindikatuen adierazpenean ohartarazten dute Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzaren gatazka «ito-puntuan dagoela». «Patronalek ez dute borondaterik langileen lan-baldintzak duintzeko; aldiz, badute asmoa etekin itzelak irabazteko jarraitzeko, diru publikoaren kontura», adierazi dute.

Bestalde, gogoratu dute erakunde publikoei, «batez ere udalei» dagokiela zerbitzu honen ardura. «Behin martxoaren 8a igarota, erakunde-aldarrikapenak ahanzten zaizkie, antza», kritikatu dute, egun horren bueltan emakumeek jasaten duten prekarietatea gogoan izan eta zainketa lanak politika publikoen erdigunean jartzeko asmoarekin azaltzen baitira.

Negoziazio mahaiko aldarrikapenak

Negoziazio mahaiaren azken bilera urrian egin zuten eta sindikatuek adierazi duten legez, patronalek baztertu egin zituzten langileen aldarrikapen oro: inplikazio-klausulak, malgutasun eta mugikortasun geografiko eta funtzionala, gaixotasun edo lan-istripuen %100eko osagarritik gaur egun salbuetsita dauden kasuak ez salbuestea eta KPItik gorako soldata igoerak 2016, 201, 2018 eta 2019. urteetarako.

Patronalak malgutasun handiagoa ezartzea pentsatzen ari direla-eta kexu agertu dira sindikatuak, eta jakinarazi dute soldata igoerak baztertzeaz gain lan-osasun eta segurtasunaren neurririk hartzeko asmorik ez dutela.