naiz
BILBO

Lan istripuen ondorioz hildakoen kopurua azken sei urteetako handiena izan da, ELAren arabera

ELAk 2018ko Laneko Ezbeharren Txostena aurkeztu du eta bertan agertzen diren datuak Osalanek emandakoenaren oso bestelakoak dira. Datu ofizialen arabera, 2018an 47 heriotza eragin zituzten lan istripuek Hego Euskal Herrian. Sindikatuak, ordea, 67 hildako izan zirela baietsi du.

Pello Igeregi, Andoni Larralde eta Leire Heredia, txostenaren aurkezpenean. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Pello Igeregi, Andoni Larralde eta Leire Heredia, txostenaren aurkezpenean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Nazioarteko Lan Segurtasunaren egunaren karietara, ELAk ondutako 2018ko Laneko Ezbeharren Txostena aurkeztu dute gaur Pello Igeregi, Andoni Larralde eta Leire Heredia kideek. Dokumentuaren arabera, Hego Euskal Herrian lanpostuan jazotako heriotzak %20 gehitu ziren 2017tik 2018ra.

Hala, iazko ekitaldiak 2012tik lan istripuz hildakoen kopururik handiena utzi zuen: 67 (6 Araban, 30 Bizkaian, 10 Gipuzkoan eta 21 Nafarroan), sindikatuaren arabera. 2017an 54 izan zirela gogorarazi dute: 5 Araban, 20 Bizkaian, 16 Gipuzkoan eta 13 Nafarroan.

Osalanek eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (Noploi) argitaratutako datuak, baina, oso bestelakoak dira. Hego Euskal Herrian lanpostuan hildako pertsonak 43 (3 Araban, 17 Bizkaian, 12 Gipuzkoan eta 11 Nafarroan) izan ziren 2017an iturri ofizialen arabera, eta 47 2018an (6 Araban, 22 Bizkaian, 9 Gipuzkoan eta 10 Nafarroan). Orotara, 104.948 lan istripu gertatu ziren iazko ekitaldian eta horietatik 260 istripu larriak izan ziren.

Prekarietatea istripuen eragile

ELAkoek salatu dute Osalanek eta Noploik gaixotasun profesionalek eragindako heriotzak «ezkutatu» dituztela, Europako Lan-Segurtasun eta Osasunaren Agentziak baietsi arren gaixotasun profesionalak hildakoak istripuz zendutakoak baino 35 bider gehiago direla. «Organismo ofizialak behartuta sentitzen dira erakustera lan osasunean zerbait egiten dutela, baina bitartean enpresen erabateko utzikeria zuritzen dute», gaitzetsi dute.

Bestalde, ohartarazi dute laneko istripuen herena kontratuaren lehen hilean gertatzen dela, eta prekarietatearen ondorio direla istripuak.

Hauteskunde kanpainan Lan Ikuskaritzaren eskuduntza eztabaidagai ez izatea ere kritikatu dute, «autobide baten eskualdatzea kanpainaren ardatz» izaki. «Ezin da Nafarroan erabaki beharrezko ikuskari kopurua; ondorioz, ikuskaritza lantaldea Europar Batasuneko bataz besteko maila baino 2,5 bider txikiagoa da», esan dute. Horregatik, ELAko ordezkariek iragarri dute «lan istripu eta gaixotasun kopurua zeharo murriztuko lukeen» dekalogo bat igorriko dietela Nafarroako Gobernuari.