Ariane KAMIO
Donostia

Bizitza erre

‘Hezurren erretura’ da Miren Agur Meaberen azken lanaren izenburua, ‘Kristalezko begi bat’ obra kaleratu zenetik sei urtera argitaratua. Haren bigarren zatia ez bada ere, bien batura bada diptiko literario bat.

Miren Agur Meabe, ‘Hezurren erretura’ liburuaren aurkezpenean . (Andoni CANELLADA/FOKU)
Miren Agur Meabe, ‘Hezurren erretura’ liburuaren aurkezpenean . (Andoni CANELLADA/FOKU)

Dio Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) «tintak ukitzen duenerako edozein material bihurtzen dela ez guztiz egiazkoa». Barka beza, beraz, irakurleak eta idazleak lerrootara ekarritakoa, tinta elektronikoak ukitu bezain pronto oroimen baten bitartez orainaren lorratza bilatzeko saiakera bat baita ondorengoa ere. 

‘Hezurren erretura’ (Susa) izenez dator idazle lekeitiarraren azken lana. «Hezurrak dira gure azken arrastoak, baita animalia basatienak ere, sarraskijaleek gorpuzkinak jan ondoren gertatzen diren souvenir suntsigaitzak». Hezurrak, ez ordea zentzurik fisikoenean, metaforikoenean baino. «Aldean daramatzagun orotariko pisuen sinboloak dira». Eta hezur hauek jarraipena ematen diote Meabek berak aurreko liburuetan abiatutako bideari, azalean hasi (‘Azalaren kodea’), eskuetatik jarraitu (‘Bitsa eskuetan’), begian geldiunea egin (‘Kristalezko begi bat’) eta gorputzaren barrenekoetara jotzen duen eskemaraino. «Begi hartatik, hezur hauek».

Bizitza aldaketa etengabea delakoan dago idazlea, «kasuan kasuko abiadura mailan, baina ez dena egiten minik eragin gabe. Eta hori esaten dudanean ez naiz ari artrosiaz zehazki», bota du ohiko ironiaz. Eta nahiz min fisikoaz ez ari, hezurren metaforatik eman du erreturaren azalpena. «Hasi estribotik, –gure gorputzeko hezurrik ñimiñoena, belarrian daukaguna–, hau da, oroitzapen, asmakeria, pasadizo, amets eta gogoeta txikienetik, femurrera bitarte –gure gorputzeko hezurrik luzeena–, hau da, oroitzapen, asmakeria, pasadizo, amets eta gogoeta handienera».

«Idaztea erretzea da –jarraitu du–, eraldatzea, baita norberaren burua ere. Ni ez naiz pertsona bera liburua idazten hasten naizenean eta amaitzen dudanean». Sei urteko prozesu luzea datorkio liburu honi atzetik, hainbat etenaldirekin. «Errekuntza hori eraldaketarena da, errituala da, jakina, ezein idazkuntzak ezin duelako bizitza bera erre». Eta horretan dihardu liburuko protagonistak, idazketaren bidez erretzen, «bizitzan pilatutako hezurrak, alegia, azertuak, akatsak, puso legitimo naiz ilegitimoak, lezioak, ondorioak».

Hogeita bat narrazio, bi ataletan

Hogeita bat narrazio batu ditu guztira Miren Agur Meabek, 19 lehen pertsonan idatziak, bat bigarrenean, eta azken bat hirugarrenean. Lehenengo zatian neskato txiki baten memoriak batzen ditu, oroitzen dituenak edo imaginatzen dituenak, unibertsitatera heltzen den arte. Bigarrenean, 55 urte inguruko emakume baten bizipen-erredurak.

Uneoro galdetu omen dio Meabek bere buruari zer nolako testuen bila zebilen. Emaitza, askean irakur daitezkeen narrazioak, baina nobela baten batasuna dutenak. Motibazio (auto)biografikoak ditu atzean. «Historia pertsonalak eremu magnetiko baten funtzioa izan du, halako moldez non istorioen hasikinak benetako esperientziak izan diren, edukia beti erreala eta autobiografikoa ez bada ere. «Tintak ukitzen duenerako, edozein material bihurtzen da ez guztiz egiazkoa». «Hor da itun inplizitua bizitza ipuin literarioa bihurtzeko askatasuna onartzen duena, baina dakigunez, oroitzapenak engainosoak dira».

Pertsonaia bakarra da ipuin guztietako protagonista, baina belaunaldi bereko beste neskato eta nerabe batzuen pertsonifikazioa ere bada berau. «Hor uztartutako pasarteetako batzuk ez dira pertsonalak, baizik nik ezagututako beste pertsona batzuenak».

Haurtzaroa, nerabezaroa, helduaroa

Iraganaren eta orainaldiaren ardatzean txandakatuz eman dira liburuko istorioak, protagonistaren haurtzaro, nerabezaro eta helduaroaz hornituz. Hamar ipuinetan neska txiki bat ageri da bere tokia egiten munduan, bere harremanen konstelazioan. «Hainbat egoeratan aurkeztuko da, traizio egin dio amari, heldu baten abusuak pairatu ditu, heriotzaren hatsa sumatu du, heziketa erlijiosoaren ondoriozko filantropia xaloa praktikatu du, letrekiko betidanik igarritako erakarpena adierazi du... ». Lehenengo oroitzapenak unibertsitatera bitarte.

«Bortizkeria, engainuak, tristurak, bakardadeak eta abarrek elkarren ondoan hartu dute tokia emozio alaiagoekin batera, txatalak bilbatuz, hari kronologiko single bat sumatzen da, neskatxo hori emakumetu ahala», gaineratu du.

Beste multzoan, emakumea ageri da eta emakume horren berri ematen du era batera edo bestera. «Babak heltzetik ateratzen ikasi du, bere egin du familiaren ausentzia, ez du sinesten amodioaren balio absolutuan nahiz eta azken aukera eman maite-jolasei, patuaren seinaleak interpretatzera jolasten da... eta, garrantzitsuena, bakardadeak eman dio hazten jarraitzeko bulkada. Helduaro betean, badaki bereizten bizitzari zer eskatu eta zer ez. Hauxe du, azken batean, ikasketa nagusia».

Berezkoa duen estiloarrekin jarraitu du Meabek liburu honen idazkeran, deskripzio luzeekin, elkarrizketa motzekin eta ohikoak dituen baliabide poetikoekin. «Liburu honen eta nire beste batzuen artean bada loturarik, obra kordatu nahi bat. Artista askok beren bizitzetako episodioak ezabatzeko motibazioak eraginda lan egiten dute, eta beste batzuok geure bizitza eta obrak aldian-aldian elkarrizketan jartzeko premiak baldintzatuta egiten dugu. Alde horretatik, liburu hau ‘Kristalezko begi bat’en bigarren partea ez bada ere, osatzen du diptiko bat harekin».