NAIZ
BILBO

Euskaltzaindiak literatura izango du hizpide mendeurreneko seigarren kongresuan

Maiatzaren 16 eta 17an ospatuko du Euskaltzaindiak bere hurrengo kongresua. Bertan, Bernardo Atxagak ‘Egilearen aitorpenak’ hitzaldia eskainiko du. Bi egunetan zehar nazioarteko 26 idazle elkartuko dira eta idazketa prozesuan itzalean geratzen den lanari buruz eztabaidatuko dute.

Andres Urrutia eta Bernardo Atxaga ‘Erle’ aldizkariaren azken alearen aurkezpenean. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Andres Urrutia eta Bernardo Atxaga ‘Erle’ aldizkariaren azken alearen aurkezpenean. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Euskaltzaindiak mendeurrenaren baitan antolatzen duen seigarren kongresua ospatuko du ostegun eta ostiralean. Oraingoan literatura izango da gai nagusia eta Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzaina izango da hizlari nagusia. ‘Idazkien eta hizkuntzen arteko itzulpena: eskuizkribuak, inprimakiak, literatura-artxiboak’ izena jarri diote Bilboko Plaza Barriko egoitzan egingo duten jardunaldiari.

Jardunaldia Parisko ITEM institutuarekin batera antolatu dute, eta hainbat hizkuntzarekin lanean aritzen diren idazleek erabilitako artxibo, eskuizkribu eta inprimakiak aztertuko dituzte. Aurelia Arkotxa da kongresu honen koordinatzailea eta berak azaldutakoaren arabera, «idazlearen tailerrean geratzen den mundu aberats hori aztertu nahi dugu, horretaz gogoeta egin, Iberiar geografian agertzen diren berezitasunei erreparatuz, eta, bereziki euskal eremuan agertzen direnei».

Lakuako ordezkari Miren Dobaranek, Bizkaiko Aldundiko Ana de Castrok, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Aurelia Arkotxa koordinatzaileak hitza hartu ostean, Bernardo Atxagaren txanda izango da. Berak ‘Egilearen aitorpenak’ mintzaldia eskainiko du.

Guztira 26 hizlari izango dira, tartean aipatutako Arkotxa eta Atxaga, Olga Anokina (ITEM), Delfina Cabrera (La Platako Unibertsitatea), Rainier Grutman (Ottawako Unibertsitatea), Mari Jose Olaziregi (EHU), Max Hidalgo (Bartzelonako Unibertsitatea), Joseba Lakarra (Euskaltzaindia-EHU) eta Miren Abarluzea (EHU).

Jardunaldia streaming bidez eskainiko dute Euskaltzaindiaren Youtubeko atarian.