Aman Komunak sareak antolaturiko azkeneko topaketak joan den otsailaren 23 eta 24an iragan ziren Irunen, migrazioen inguruan. Oraingoan, munduko zazpi herrialde aberatsenetarikoek Biarritzen agorrila bukaeran antolatu duten G7 goi-bilerari begira jardungo du Euskal Herri osoko hamarnaka talde elkartzen dituen sareak.
Maiatzaren 31tik ekainaren 2rarte luzatuko den ekimenean frantses Estatuko egoerari erreparatuko dio, gehienbat, sareak.
Bertan, borroka sozialen bilakaera eta horien aurrean Emmanuel Macronen gobernuak aitzineratu dituen lege erreformak eta errepresio estrategiak aztertuko dituzte. Era berean, autodefentsa ereduari buruz gogoeta zabalduz.
Sarearen ustez, «Estatuaren tresna desberdinak hobe ezagutzea da beldurrari muzin egiteko eta aurrera jotzeko biderik eraginkorrena».
Topaketen egitaraua
Topaketak, maiatzak 31n, 20.00etan abiatuko dira «Identifikazioa, polizia-etxea, epaitegia, kartzela: Jakin eta kudeatu» lelopean Laurence Hardouin Baionako abokatuak eskainiko duen hitzaldi batekin. Era berean, bi preso ohiren testigantzak entzuteko parada izanen da.
Ekainaren 1ean, 11.00etan, «Polizia eta justizia indarren estrategia berriak Frantzian» gaiari buruz hitz egingo du hainbat txaleko horien, kazetarien eta ekintzaileen defentsan Parisen jardun duen Ainhoa Pascual abokatuak.
15.00etan berriz, protesta horietan, bereziki Parisen, «Street medic» edo kaleko medikuen esperientzia jorratuko dute tailer batean eta 18.00etan ‘Lundimatin’ hedabideko partaide batek hartuko du hitza manifestarien aurka poliziek baliaturiko bortizkeriaren inguruan hausnartzeko.
Donibane-Ziburuko gaztetxean iraganen diren topaketak bururatzeko, ekainaren 2an, Aman Komuna sareko asanblea iraganen da.