NAIZ
BILBO

Oskar Alegriak gidaturik, ‘Irudikatutako hiria’ zikloa hartuko du Bilboko Alondegiak

‘Irudikatutako hiria. Zinemaren bidez hiri bat eraikitzeko saioa’ zikloa gaur abiatuko da Bilboko Alondegian. Oskar Alegriak gidatuta, zikloak film luze zein laburren bidez hiri mapa eraikitzea du helburu.

Zikloa gaur aurkeztu dute Alondegian. (NAIZ)
Zikloa gaur aurkeztu dute Alondegian. (NAIZ)

Gaur hasi eta uztailaren 4ra bitartean hartuko du Bilboko Alondegiak ‘Irudikatutako hiria. Zinemaren bidez hiri bat eraikitzeko saioa’ zikloa.

Zortzi film luzek eta bi dokumental laburrek osatzen dute Oskar Alegria idazle eta zinegileak komisariatutako ziklo hau eta, bere hitzetan, «Monopoly bat izango balitz bezala», ziklo honek filmez osatutako hiriko mapa bat eraikitzea eta proiektatzea du helburu.

«Egun batean, izkina bat izango da protagonista; beste egun batean, plaza bat; aste batean, film batek hotel baten aipamena egingo digu; hurrengoak espetxe bat aurkeztuko digu; parke bat ere egongo da... Eta, horrela, piezaz pieza, irudiz osatutako hiri baten gakoak batuko dituzte film guztiek, pantailan baizik ezin egin daitekeen eran», aurreratu du.

Greziako polisa eztabaidagune

Zikloaren helburua dokumental garaikidea erabiliz «gizakiaren asmakuntza handienetako bati buruz» hausnarketa filmikoa proposatzea da: Greziako polisa. Izan ere, 2050ean mundu osoko hiru biztanletatik bi halako batean biziko dela uste da.

«Eta programan paradoxa eta jokoa erabiliko ditugu, irudikatuko dugun hirian israeldar ile-apaindegi baten ondoan kanadar farmazia bat egongo baita, eta Habana erdian sortutako zuhaitz batetik Parisko hilerri batera joango baikara oinez: Père-Lachaise-ra», adierazi du Alegriak.

Zikloa gaur abiatuko da ‘Forever’ (2006) filmarekin. Heddy Honigmann zinemagilearen film honetan, «hiriak bere isiltasunik eta, zalantzarik gabe, bere altxorrik handienetako bat gordetzen du: Marcel Proust, Oscar Wilde, Jim Morrison, Maria Callas eta beste batzuen hilobiak… Eta erretratu bisuala ez da hildakoen hitzekin geratzen, jarraitu egiten baitie bizitzan bisitaririk kezkatsuenei».

Datozen asteetan zikloak ibilbide bat egingo du hainbat emakumezko zuzendariren lana agerian jartzeko: Heddy Honigmann, Maya Goded, Myriam Ayçaguer, Roya Eshraghi, Irene Gutiérrez, Iris Zaki eta Claire Simon. Sorkuntza garaikideko erreferenteak dira denak, baina haien lanak ez dira zirkuitu komertzialean proiektatzen.

Gianfranco Rossiren ‘Sacro Gra’ (2013) lanak itxiko du programa. Alegriaren iritziz, film honek «poetikotasun handiz deskribatzen du Erroma hiria barnean hartzen duen ingurabide handia, hor hiri eternoa murruetatik kanpo hasten baita dardarka eta taupadaka. Harekin bilduko dugu gure zikloaren azken mapa».