Euskararen eskaintza eta eskari digitala indartzeko deia egin du PuntuEUSek Interneten Egunean

Gaurko egunez mundu mailan ospatzen den Interneten Nazioarteko Egunean, euskararen eskaintza eta eskari digitala indartzeko deia egin du PuntuEUS Fundazioak.

NAIZ|DONOSTIA|17/05/2019 10:00
Walino-puntueus
Josu Waliño, PuntuEUS Fundazioko presidentea. (Gorka RUBIO/FOKU)

Maiatzaren 17.ean ospatzen den Interneten Nazioarteko Eguna dela-eta, ‘Euskaren bizitasun digitala ispiluaren aurrean’ izenburupeko adierazpena kaleratu du PuntuEUS Fundazioak, Josu Waliño presidenteak sinatuta. 

«Euskararen bizitasun digitala bermatu nahi badugu, eskaintza eta eskaria, biak, indartu behar ditugu», nabarmentzen du testuak. 

Izan ere, euskararen bizitasun digitala ispiluaren aurrean jarrita, eskaintza eta eskaria aurrez aurre talka egiten ikus daitezkeela azaldu dute: «Euskarak badu eskaintza sarean, badago edukia eta badaude tresnak, baina ez dira nahikoa, ingurune digitala etengabe berritzen eta sortzen baita». 

«Datuek erakusten digute –gaineratu du fundazioak– eskaintza mugatua dela eta hain aldakorra den ingurune digitalean ezinbestean areagotu behar dugula euskararen bizitasun digitala bermatu nahi badugu». 

Fundazioaren esanetan, «erabiltzaileek hizkuntza nagusien alde egiten dutela kontuan izanik dugun eskaintza gehiegi ere izan daitekeela ondoriozta daiteke». 

Horrek kontraesana irudi lezakeela onartzen dute, baina argitu dute euskararen bizitasun digitala ez dela eskaintzara mugatzen, «erabilerarik gabeko eskaintzak ez baitu etorkizunik». «Erabiltzaileak trebatu eta motibatu behar ditugu, gure komunitate digitala indartu eta ingurune digitala euskaraz kontsumitu eta sortzera bultzatu», azpimarratu dute.