NAIZ
Donostia

Koch funtsa San Telmo museoan gordeko dute aurrerantzean

Sigfrido Koch Bengoetxea eta Sigfrido Koch Arruti aita eta seme argazkilarien bildumak jaso dituzte eta funts bat sortu dute San Telmo museoan zaintzeko intentzioarekin. Datozen urteetan argazki guztiak katalogatu eta digitalizatuko dituzte gerora gizarteari erakutsi ahal izateko. Jada lehen erakusketa martxan dute.

(Sigfrido KOCH ARRUTI)
(Sigfrido KOCH ARRUTI)

Koch familiak Donostiako San Telmo museoari dohaintzan eman dio Sigfrido Koch Bengoetxea eta Sigfrido Koch Arruti argazkilarien artxibo-bilduma. Orain museoak «sekulako balio historiko eta artistikoa» duten argazkiak zaintzeko eta gizarteratzeko konpromisoa hartu du.

Gaur goizean sinatu dute dohaintzaren akordioa, eta bertan zentroko zuzendaria den Susana Sotok esan du orain arte familiak oso ondo zaindu dituela argazkiak, ondo antolatuta eta katalogatuta izan dituela. Hala ere, lan handia dute orain irudi guztiak digitalizatzeko.

Koch Bengoetxearen bilduma txikiagoa eta ezezagunagoa da, eta horregatik jada lanean daude Lee Fontanella eta Juantxo Egaña adituekin 2021ean erakusketa bat prestatzeko. Koch Arrutirena askoz ezagunagoa da, neurri handi batean Kutxak urte askotan atera zituen egutegietan berak egindako argazkiak erabiltzen zituelako. Gainera, askoz zabalagoa da. Hala ere, 10 urte baino lehen honen inguruko erakusketa prestatuko dutela iragarri dute.

Koch Arrutiren alabak diren Edurne eta Arraitz Koch Elizegi ere agerraldian izan dira familiaren izenean. Hauek kontatu dute «emozionatuta» daudela «aitonak eta aitak oso lotura estua zutelako San Telmorekin». Izan ere, hauen aitona zenak bere semea eraman ohi zuen museoko klaustrora paseoa ematera, eta gerora, semeak bere alabekin gauza bera egiten zuen, ohituraz. Hori dela eta, «zirkulua itxi egiten dela» sentitzen dute. «Beti garbi izan dugu argazkiak gizartearen esku utzi nahi genuela», aipatu dute.

Koch Bengoetxearen funtsari buruz, esan dute «bere bizitza arriskatu» zuela 36ko gerra dokumentatzeko, noizbait irudi horiek erakusteko intentzioarekin. Orain familiak duen itxaropena da argazki horiek zabaltzeak «gerraren zauriak sendatzen lagundu eta memoria kolektiboa lantzeko» balioko duela.

(Sigfrido KOCH BENGOETXEA)