Jon Ormazabal

Muinera itzulita, Buruz Buruko finalean da berriz ere Irribarria (12-22)

Sekulako pilotakadak jo ditu Aramarrak eta aukerarik gabe utzi du beti mendean izan duen Danel Elezkano. 2016ko finala errepikatuko du Mikel Urrutikoetxearen aurka ekainaren 2an Bilbon.

Irribarria pilota astintzen  (Gorka RUBIO/FOKU)
Irribarria pilota astintzen (Gorka RUBIO/FOKU)

2016ko finalak izan zituen protagonista berak izango ditu aurtengo Buruz Burukoaren finalak, Zaratamoko ametsa hautsiz, Iker Irribarriak nagusitasun osoz irabazi baitio Danel Elezkanori Eibarren jokatutako finalerdian (12-22).

Sekulako eztanda suposatu zuen, duela hiru urte, Iker Irribarriak Manomanistan izandako debutak. Aparteko kolpe batez baliatuz, sekulako ikuskizuna eskaini zuen goierritarrak eta arerioak txikitu zituen bata bestearen ondoren. Aurten gehixeago kostatu zaio joko puntu eta konfiantza hori berreskuratzea, baina orduko hari asko gerturatuta, txapelaren bidean da berriz.

Izan ere, partida zuzena jokatuta, oso gutxi dira aramarrari buruz buru aurre egiteko gai eta gaur halaxe egin du. Saiatu da Danel Elezkano jokoa nahasten, baina ezer gutxi egin ahal izan du gipuzkoarra pilota astintzen hasi denean.

2-0ekoa izan da Zaratamokoak izan duen alde bakarra, baina hurrengo pilotakadan sakez falta egin eta garesti ordaindu du. Izan ere, sakearekin orain arte ez bezala asmatu du Irribarriak eta berehala ihes egin dio alde markagailuan (3-9). Lehen pilotakadarekin tantoa zuzenean lortu ez duenean, bigarrenari epelak eman dizkio bi eskuekin eta, serio jokatu eta apenas arriskurik hartu gabe, bere izan da partidaren kontrola uneoro.

Zabala bilatzen, izan du Elezkanok bere susperralditxoa, baina izandako aukera apurretan asmatzera behartuta zegoen eta beti hala egin ez duenez, nahi baino lan gutxiago eman dio.