Naiz

Nafar Erresumako Kronoeskaladak, presoekin elkartasunez

Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko, iaz, elkartasun taldea eratu zuten Urruñan. Beste ekimen batzuen artean Ibardineko igoera antolatu zuten uda garaian presoen hurbilketa galdegiteko. Kirola eta elkartasuna uztartu zituen ekimen horren arrakasta ikusita, aurten Nafar Erresumako Kronoeskaladak antolatu dituzte, orotara sei mendate igotzeko gonbidapena zabalduz.

Ekimenaren aurkezpen ekitaldia, Urruñan.
Ekimenaren aurkezpen ekitaldia, Urruñan.

Iaz, Urruñako Elkartasun Taldeak, lehen aldiz, Kronoeskalada bat antolatu zuen Ibardineko mendatean, euskal presoen hurbilketaren alde.

Ibardineko igoera arrakastatsua izan zen eta parte hartzaile guztiak prest azaldu ziren esperientzia hura errepikatzeko.

Aldi berean, Usopop, Sarako musika festibaleko antolatzaileek ekimen berdina egitea, kasu horretan, Lizarrietako mendatean proposatu zuten, horretarako urruñarren laguntza eskatuz.

«Buruari buelta batzuk emanda, erabaki genuen baietz erantzutea, baina jakinda Ibardin zein Lizarrietako ekimenak Nafarroan bukatzen zirela, erabaki genuen elkarte berri bat sortzea eta zuzenean Ipar Euskal Herriko eta Nafarroa Garaiaren arteko portuen txapelketa bat proposatzea, sei hilabetetan, sei portu, sei igoera», azaldu dute antolatzaileek.

Lehen hitzordua, beraz, Usopot festibala garaian izanen da, maiatzaren 26an. Txirrindularien igoera goizeko 11.00etan hasiko da.

Hona hemen hurrengo hitzorduak:

- Ekainaren 23an Otxondoko mendatea (Urdazubitik hasita, goizeko 10.00etan)

- Uztailaren 28an Izpegiko mendatea (Baigorritik hasita, goizeko 10.00etan)

- Abuztuaren 24an Ibañetako mendatea (Luzaidetik hasita, goizeko 10.00etan)

- Irailaren 28an Larraineko mendatea (Larraine herritik hasita, goizeko 10.00etan)

Eta bukatzeko, final handia, urriaren 19an, Ibardineko mendatearen igoera (Urruñako plazatik hasita).

Erlojuaren kontrako erronka

«Ezagututa kirolariei norgehiagoka gustatzen zaiela, erlojuaren kontrako proba planteatu dugu, hau da,  txirrindulari bakoitza saiatu beharko da ahal bezain bizkor igotzea portua eta bere emaitzen arabera puntu bat edo gehiago irabaziko ditu», nabarmendu dute antolatzaileek.

Strava izeneko aplikazioak kirol erronka zaleen artean lortu duen arrakasta baliatuta, sei kronoeskalada horien bukaeran «Nafarroako erregin-errege» hautatzeko asmoa azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.

Bai Euskal Herriko zein kanpoko txirrindulariei parte-hartzeko gonbidapena luzatu zieten, triatloietan, ultra lasterketetan eta mendi probetan aritzen diren lagunen eta baita Mikel Astarloza txirrindulari profesional ohiaren sostenguz Urruñako polikiroldegoan egin zuten agerraldian.

Horretako, egin behar den gauza bakarra da parte hartzeko modua (lasterketa batean edo txapelketa guztian) aukeratu eta webgunean izena eman: www.kronoeskaladak.net.