NAIZ
Bilbo

Anbulantzietako EAEko hitzarmena sinatu dute USO, LAB eta CCOO sindikatuek

Hiru urteko negoziaketaren ondoren, EAEko anbulantzietako hitzarmena sinatu dute ostegun honetan USO, LAB eta CCOO sindikatuek. ELAk ez sinatzea erabaki du.

Hitzarmen honi esker sektoreko lan baldintza hobetuko direla ziurtatu dute akordioa sinatu duten sindikatuek eta EAEko langileria «bateratu» egingo duela azpimarratu dute, «langileen arteko marko komun bat sortuz EAEn». Izan ere, honekin soldata eta eskubide berberak izango ditu Bilbo, Legutio, Irun zein Gasteizko langile batek.

2020an jarriko da indarrean eta «estatalizazio gelditzeko tresna» gisa ikusten dute, izan ere aurreneko hitzarmen autonomikoa da honakoa. LABen esanetan, beraiek hasieratik bultzatu zuten akordio hau, sindikatu horrek deitu baitzuen aurreneko bilera. Era berean, gogoratu du Arabako lankideek azken bost urteetan eginiko greba deialdiek zerikusi handia izan dutela hitzarmen hau lortzeko garaian; hala nola, Bizkaiko azken hitzarmena lortzeko eginiko 40 greba egunek, honen ondorioz eratu baitzen EAEko hitzarmen autonomiko hau adostu den mahai-negoziatzailea.

Honen aurrean, aurkako jarrera erakutsi du ELAk eta ez du hitzarmena sinatu. Helarazi duen arrazoien artean nabarmendu dute nahiz eta hiru urtean 65 bilera egin ez dela «benetako negoziaziorik» izan eta hitzarmenaren sinadura «presaka» egin dela. Horretaz gain, akordio honek hitzarmen probintzialak ordezkatzen dituela adierazi du ELAk eta honekin negoziazio probintziala ukatu eta estatalizazioari aurpegiratzen dioten jarrera bera errepikatzen dela ohartarazi du.

Gainera, sindikatu horrek zerrendatzen dituen arrazoi anitzen artean azpimarratu du hitzarmenaren eduki orokorren oinarria Bizkaian sindikatu batek gutxiengoa zuela sinatutako itun bat dela (2008-2012koa) eta «orduan gehiengo sindikalak txartzat jo zituen edukiak orain EAEko langile guztientzak onak omen dira». Hala, bere aldarri nagusiarekin jarraituko duela adierazi du ELAk; hau da, Osakidetzako langileekin parekatzea.