naiz

Udalerri euskaldunen garapena aztertzeko beka sortu du UEMAk

UEMAk Iñaki Arregi ikerketa beka sortu du, udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko. Lakuako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak babestuko du beka, eta bi lan sarituko ditu, bakoitza 5.000 eurorekin.

Udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko beka sustatu dute. (UEMA)
Udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko beka sustatu dute. (UEMA)

Udalerri euskaldunak garatzea euskararen arnasguneei sendo eusteko modu eraginkorrena dela ondorioztatu zuten iaz UEMAk, Kontseiluak, Udako Euskal Unibertsitateak eta Gaindegiak, ‘Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera’ jardunaldian, eta udalerri euskaldunak garatzeko hainbat irizpide eta oinarri proposatu zituzten, horiek guztiak hainbat arlotako adituekin batera aztertu ondoren.

Orain, oinarri horiek aintzat hartuta, udalerri euskaldunak garatzeko adibide praktikoak aztertu eta abiarazi nahi dituzte agintaldi berrian. Horretarako, Iñaki Arregiren omenezko beka sortu du UEMAk, eta bi lan sarituko ditu lehen deialdian, bakoitza 5.000 eurorekin.

«Euskararen biziberritzean eta bilakaeran, eragin nabarmena dute euskara zerbitzuetatik edo Hizkuntza Politikako sailetik aparteko beste sailetatik egiten diren politika publikoek. Hau jakinda, herri erakundeen politiketan prebentzioaren ikuspegia txertatzeko ildoa lantzea izan zen lehen urratsa, proiektu zehatzek kalterik ez eragiteko gune euskaldunen euskarazko gizarte bizitzan eta kultur garapenean», azaldu dute.

Iazko jardunaldian, berriz, beste urrats bat egitea eta prebentzioaren ikuspegitik garapenera igarotzeko beharra nabarmendu zen, eta udalerri euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak adostu ziren. Oinarri horiek bideratzeko egitasmo zehatzak abiaraztea da orain asmoa, udalerri euskaldunak garatzeko eta arnasguneei bizirik eusteko.

Zehazki, udalerri euskaldunak garatzeko proposamen zehatzak eta bideragarriak bildu nahi ditu Iñaki Arregi bekaren lehen deialdiak. UEMAk sortu du beka, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren babesarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Kontseiluarekin eta UEUrekin elkarlanean.

Lehen deialdian bi lan sarituko dira, 5.000na eurorekin. Proposamenak eta lehen laginak aurkezteko epea uztailaren 24an amaituko da, eta epaimahaiak irailaren 20an jakinaraziko du diruz lagundutako ikerlanak zeintzuk izango diren. Egun horretatik aurrera, saridunek bederatzi hilabeteko epea izango dute laginak garatzeko eta ikerlanak aurkezteko. Amaitzean, gutxienez 75 eta gehienez 200 orrialde izan beharko dituzte saritutako lanek.

Beka norbanakoek edota ikerketa egiteko berariaz sortutako lantaldeek jaso ahal izango dute. Udalerri euskaldunen garapenarekin ez ezik, soziolinguistika edukiak zabaltzearekin eta udalerri euskaldunei buruzko ikerketarekin lotura estua izango du bekak, eta UEMAk antolatutako jardunaldietan ezagutaraziko dira lan saridunen edukiak.