Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Jaio da 2deo, euskarazko ikus-entzunezkoen laborategia

16 eta 24 urte bitarteko gazteek eguneko 2,5 orduz ikusten dute telebista, orain urte batzuk baino gutxiago, baina 5 ordu ematen dituzte pantailaren aurrean ikus-entzunezko ezberdinei lotuta. Gazte horiek euskarazko edukietara erakartzeko helburuz sortu da 2deo, euskarazko ikus-entzunezkoen laborategi izan nahi duen espazioa. Gaur inauguratu dute Tabakalerako gune berri hau.

2deo-ko coworking gunea. (Gorka RUBIO/FOKU)
2deo-ko coworking gunea. (Gorka RUBIO/FOKU)

Kezka batetik abiatzen da 2deo. Telebistaren kontsumoa jaitsi egin da gazte eta nerabeen artean baina, aldiz, egunean bost ordu ematen dituzte pantaila ezberdinei lotuta, munduan zehar ekoizten diren ikus-entzunezko edukiak kontsumitzen.

«Gipuzkoako gazteen erdiak ez dira ETBn sartu ere egiten», jarri du adibidea Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok, EHUko ikerketa bati erreferentzia eginez, 2deo-ren aurkezpenean, eta iristen zaizkien erreferentziak hizkuntza arrotzetan kontsumitzen dituztela gaineratu du: %70 gaztelaniaz, %20 euskaraz eta %10 ingelesez.

«Ez dago hori aldatzeko formula magikorik», onartu du 2deo-ko koordinatzaile Iban Arantzabalek, eta hain zuzen euren zeregina euskarazko produktuak arrakasta bidean jartzeko formulak ikertzea izango dela azaldu du.

Sortzaileak erdigunean

Sormenari eta sortzaileei lotutako laborategia da 2deo. Deialdi publikoaren bidez –edota 2deok izendatuko dituen behatzaile berezien hautapenez– sortzaileek euren proposamenak bideratu ahal izango dituzte Tabakalerako zentro honetara eta, hautatuak badira, euren proiektuen prototipoak garatu ahalko dituzte. «Prototipoak, ez edukiak», jarri du azpimarra Arantzabalek: «2deo ez da ekoizpen zentro bat, horretarako badago sektore bat eta industria oso bat; hau esperimentaziorako gune bat da. Guk argi genuen sektorearen osagarri izan behar genuela. Hemen prototipoak sortuko dira eta, hortik aurrera, merkatuak esango du».

Arantzabalen hitzetan, helburua erdiesteko ezinbestekoa izango da sektorearekin elkarlanean aritzea eta ikus-entzunezkoak modu zabalean ulertzea, «gauzak beti bezala egiten baditugu emaitza betikoa izango baita». Ikus-entzunezkoen esperimentaziora lerratutako gunea da, beraz, 2deo, estrategikoki Tabakaleran kokatua –bertan daude Elias Querejeta zine eskola, Zinemaldia, Filmategia, Zineuskadi eta Etxepare euskal institutua, esate baterako– eta espazio ezberdinetan sailkatua.

Puntako teknologia

Instalazio aldetik, coworking gune nagusian lan egiteko 18 postu edukiko dituzte euren eskura sortzaileek. Bertan dauden ordenagailuak edo eurenak erabili ahalko dituzte, eta guztiak egongo dira interkonektatuta. «Hauen bihotza lainoari konektatuta dago, hemen lainoan egingo dute lan», azaldu du Arantzabalek prentsarentzat antolatu duten bisitaldi gidatuan.

Bilera gela batek, koordinatzaileen espazioak –sortzaileen lagungarri izango dira: kontaktuak, gomendioak, zalantza teknikoak…– eta ediziorako hiru gelek –bi txiki eta handi bat– osatzen dituzte instalazioak. Azken hauen gainean jarri du fokua Arantzabalek: «Hau da gune profesionalena, oso ondo ekipatutako gelak dira, puntako teknologiarekin, postedizioak egiteko aukerarekin… Euskal Herrian ez dago horrelako ekipamenduak dituen beste gunerik».

Gela handienak proiekzio pantaila bat eta zine-eserleku batzuk ere baditu, lanerako ezezik ekoizle posibleei prototipoak erakusteko baliagarri izango dena.

Momentuz, iaz irekitako deialdiaren bidetik 23 proiektu ari dira lantzen 2deon –85 aurkeztu ziren orotara–, eta, Arantzabalek aurreratu duenez, hamar egunen bueltan iragarriko dute deialdi berria.