Maider IANTZI
Donostia

«Espetxearen mamua» gainean duten 47 euskal herritarrak babesteko manifestazioa, irailean

Irailaren 16an hasiko da espainiar Auzitegi Nazionalean 47 euskal herritarren aurkako epaiketa, 11/13 sumarioaren barrenean. 601 urte arteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak. «Zer egin dugu?», galdetu dute gaurko agerraldi jendetsuan. «Elkartasuna izan da guztiok lotu gaituen haria».

Irailetik aurrera epaituko dituzten 47 euskal herritarretako batzuk, gaur Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Irailetik aurrera epaituko dituzten 47 euskal herritarretako batzuk, gaur Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

«Zer egin dugu espetxe eskaera luze hauek merezi izateko?», galdetu dute Amaia Izko eta Ane Zelaiak, heldu den irailaren 16tik aitzinera epaituko dituzten 47 euskal herritarretako bik, kideak ondoan zituztela, gaur Donostian egin duten agerraldian. Izan ere, fiskalak 601 urte arteko espetxe zigorra eskatu du. Orain bost eta sei urte atxilotu zituzten; euretako batzuk espetxeratu egin zituzten eta denak auzipetu.

«Presoen eta erbesteratuen osasuna artatu dugu; eskubideen aldeko mobilizazioak antolatu ditugu; senide bezala antolatu gara, bereziki sakabanaketa politikaren ondorioak gainditzeko; defentsa juridikoa egin dugu», zerrendatu dute.

«Gure printzipio politiko eta etikoei loturik aritu gara uneoro, eta lasai gaude egin dugunarekin», adierazi dute. «Asko izan du ederretik elkartasun sare honen parte izateak, pertsona bezala hobetu gaitu (...) Baina asko izan du minetik ere». Auzi luze honek beren bizitzak baldintzatu ditu, espetxearen mamua dutelako parez pare, haiek eta haien hurbilekoek, besteak beste zaintzen dituzten 38 adin txikikoek.

Egindako aldarriei lotuak

Azaldu dutenez, epaiketa honen oinarrian dauden arrazoiek beren horretan diraute. Oroitu dute aro berri baten testuinguruan ari zirela lanean atxilotu zituztenean. «Urteetan luzatu zen gatazka konpontzeko bide berriak lantzen ari ginen, ilusioz, preso eta erbesteratuen gaia konpontzeko eginahalean. Horregatik kolpatu gintuzten».

Orain, egin dituzten aldarrikapenei lotu zatzaizkie epaiketa atarian. «Asko eta asko» izan dira euretako bakoitzak jaso dituen elkartasun keinuak, eta babesa agertu dieten herritar horiei, baita makroepaiketa honekin asaldatu direnei ere, datorren irailaren 14rako antolatzen ari diren manifestaziora batzeko deia egin diete. Bilbon da hitzordua, epaiketa hasi baino bi egun lehenago.

Erran dutenez, eremu ezberdinetako pertsonekin manifestu zabal bat lantzen ari dira manifestazioari begira.

Babes ekonomikoa eman nahi dietenentzat kontu korronte bat zabaldu dute Laboral Kutxan (ES82 3035 0057 9205 7005 9033). Webgunea ere ireki dute, informazio guztia zabaltzeko: www.11-13makroepaiketa.eus.