Nagore BELASTEGI
Donostia

Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen Familia Milakolore handituz doa

Duela 15 urte argitaratu zituzten pailazoek Familia Milakolore saileko lehen sei liburuak familia eredu desberdinen inguruan. 2018ko amaieran kartoizko lau berri aurkeztu zituzten, eta orain beste bost istorio ekarri dizkigute.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots, liburu berrien aurkezpenean. (Jon URBE/FOKU)
Pirritx, Porrotx eta Marimotots, liburu berrien aurkezpenean. (Jon URBE/FOKU)

Duela 15 urte hasi zuten Katxiporretak eta Elkarrek Familia Milakolore saila gizartean geroz eta anitzagoak ziren familia ereduak haur literaturan islatzeko asmoz. Orduan sei liburu atera zituzten, eta horiei lotuta karta joko bat. Denbora igaro zen eta duela hiru urte inguru familia eredu horiek eskas gelditu zitzaizkiela ikusirik, istorio berriak sortzea erabaki zuten.

2018ko amaieran lau ipuin argitaratu zituzten, kartoizkoak, haur txikiei zuzendutakoak, Miren Amurizaren testuarekin. Orduan iragarri zuten bezala, orain beste bost ipuin aurkeztu dituzte: lau kartoizkoak eta bat formatu arruntekoa.

Pailazoak mozorrorik gabe joan dira aurkezpenera jorratzen den gaia pertsonala bezala hartzen dutelako. Hala, Joxe Mari Agirretxe Kerexeta ‘Porrotx’-ek esan duenez, lehen liburu haiek idatzi zituzten bizilagun baten eskaeraz. «Txinako bi ume adoptatu zituen eta arazo bat ikusten zuen eskolak umeek ez zutelako euren familia islatuta ikusten», esan du. Orain beraiek sentitu dute familia zabaltzeko beharra «gure herrietan dagoen erralitateak, aniztasuna islatzea eta normalizatze» aldera.

Momentuz liburu gehiago egiteko planik ez badute ere, eredu berriak sortzen ari zaizkie inguruan, eta kontatu dute nola lagun batek esan berri dien aita bakarrik izango dela. «Familia ereduak ez ditugu guk asmatu, hor daude. Haurrek behar dute euren errealitatea onartuta sentitzea, nahiz eta gehiengoa ez izan, normaltzat hartzea», gaineratu du Aiora Zulaika Soroa ‘Pirritx’-ek.

Asko eta aske maitatu

Liburuen berri ematean bakoitzak aurkeztu nahi zituenak aukeratu dituzte. Mertxe Rodriguez Serrano ‘Mari Motots’-ek  ‘A, E, I, O, Unai’ eta ‘Gure egongela’ aukeratu ditu bere familian bizi dutena islatzen dutelako. Lehenengoan harrera familia batekin bizi den ume baten ingurukoa da eta bigarrena haurrik ez izatea erabaki duen bikote bati buruzkoa.

«Nire bikoteak eta biok haurrak hartu ditugu harreran eta jada euren familiekin itzuli dira», kontatu du. Orain etxean biak bakarrik gelditu dira eta erabaki dute umerik ez dutela izan nahi. «Jendeak esaten digu, 'ze pena haurrak joan direla'. Ba ez, hori da helburua, familiarekin itzultzea. Zortea dugu beraiekin harremana mantentzen dugulako», aipatu du.

Zulaikak ‘Paularen txinelak’ eta ‘Amona Mari Lutxi’ aurkeztu ditu. Lehenengoan Nikaraguako neskatila bat ageri da bi aitek adoptatu dutena. Bigarrenean, amona zahar-etxera doa bizitzera. «Kontatzen da nola familia topatu daiteken bizileku berrian, bizitzaren udazkenean», adierazi du.

Agirretxe, berriz, ‘Gure familia’-ri buruz mintzatu da. Bertan pailazoen familia agertzen da, «hautatutakoa». «Batzuetan hurbiltzen zaigu jendea galdezka ea dugun ama bakarreko libururik. Gurea da familia hori. Pirritxek erabaki zuen ama bakarrik izatea, Porrotx osaba da eta Mari Motots laguna». Lagun txakurra ere familiaren parte da. «Gure familia nahita sortu dugu; asko, aske eta ondo maite dugu elkar».