naiz
Gasteiz

Euskara, Gasteizko herritarrengandik «gertu»

Arabar hiriburuko Armentia ikastolak antolatutako Araba Euskaraz jaia antolatzen ari dira gaurkoan. Bildutako dirua beka-sistema bat sortzera bideratuko dute «familia guztiek euren egoera ekonomikoa edozein izanda ere, euren seme-alabak ikastolan matrikulatzeko aukera» izan dezaten.

Araba Euskaraz jaialdia hartu du gaur Gasteizko Armentia ikastolak. (Endika PORTILLO / FOKU)
Araba Euskaraz jaialdia hartu du gaur Gasteizko Armentia ikastolak. (Endika PORTILLO / FOKU)

Armentia ikastola Araba Euskaraz jaia antolatzen ari da gaurkoan. Denbora luzean egindako lanak gaurko egunean gauzatuko dira, ‘Gertu’ lelopean Gasteizen antolatu duten jai eta aldarrikapen egunean.

Antolatzaileek azaldu dutenez, bildutako dirua beka-sistema bat sortzera bideratuko dute. «Gasteizko familia guztiek euren egoera ekonomikoa edozein izanda ere, euren seme-alabak ikastolan matrikulatzeko aukera izan behar dute», azpimarratu dute.

Era berean, kirol instalazioak hobetzeko eta hezkuntza proiektua garatzen jarraitzeko ere erabiliko dute gaurko egunean zehar batuko duten dirua.

Lau guneetan zehar haurrentzako programazioa, eusko label produktuen dastaketa edo Skabidean eta Ze Esatek! bezalako taldeen kontzertuetaz gozatzeko aukera izanen da. Eguraldiaren laguntzaz, bertan izan dira Lakuako ordezkari Cristina Uriarte, Beatriz Artolazabal eta Estefania Beltran de Heredia, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gasteizko alkate Gorka Urtaran.

Amurrioko Aresketa ikastolak jaso du lekukoa, 2020 urtean Araba Euskaraz jaialdia antolatzeko.