Arnaitz Gorriti

Zarauzko «Enbata», haizeari eta aurkariei nagusi San Juanen

KAE 1 Ligako lidertza eramateko hautagaitza aurkeztu du aurreneko asteburu honetan Zarautzek. «Enbatari» inork gutxik egin dio aurre haize zakarrak ez bada, baina III. Adegi Bandera etxeratzea lortu du, bigarren izan den San Juanen aurretik. ETE Ligan Hibaikak ere nagusitasun osoz irabazi du.

KAE eta ETE ligetako estropadak Pasaian. (Gorka RUBIO / FOKU)
KAE eta ETE ligetako estropadak Pasaian. (Gorka RUBIO / FOKU)

KAE 1 Liga hasi baino ez da egin, baina Zarautzek erakutsi du aurreneko puntan izateko baduela baliabiderik. Larunbatean egindako moduan, domekako III. Adegi Bandera ere eraman du «Enbatak», bere arerioei eta haizeari nagusitasunez irabazi ostean. Hala, aurreneko estropada bien ondoren, 24 puntu pilatu ditu Zarautzek eta berau da liderra, Deustu 20 punturekin bigarren duela. Handik aurrera, berdinketa berdinketaren gainean, nola aurrean hala atzean, haize indartsuak eta ziaboga ugariek baldintzatu duten proba baten ostean.

Haizea altxa zitekeela jakina zen estropada hasi aurretik ere, baita bost ziaboga egin beharrak gelditu eta martxan jartzeko orduan lanak emanen zituela ere. Ez horrenbeste, ordea, balizetako bat haizeak eta itsasadarreko korronteak mugitu behar zuenik. Hala, gorriak eta beltzak ikusi dituzte hiru txandak martxan jarri arte, ohorezko txandari ekiteko bereziki izerdi latzak bota dituztela gainera. Dena dela, estropada nahikoa normal joan da, eta normaltasun horren barruan, «Enbatak» denboraldia bikain hasi duela erakutsi du.

San Juanen abisua

Alabaina, zarauztarren garaipena ez da lanik egin gabe iritsi. Bigarren txandan San Juanek eta Pedreñak orpoz orpoko lehia estu askoa izan dute, eta etxekoek eraman, 21 minutuz azpitik amaitzea lortuz. Ondorioz, ohorezko txandako traineruei langa goi xamarrean jarri diete, eta han izerdia franko bota behar izan du «Enbatak» San Juan eta Pedreñari aurrea hartzeko. Lortu du, baina traineru bakarraren aldea eraman du. Gainontzekoak; hau da, Arkotek, Deustuk eta Donostiarra Bk, San Juan eta Pedreñaren txopa ikusi beste erremediorik ez dute izan.

Bestetik, estropadako unerik estuena Zumaiako Imanol Barruetabeña arraunlariak eman du aurreneko txandan. Artean estropada erdia baino askoz gehiago pasa gabe zela, giharretako arazoren bat izan du «Telmo Deun» ontziko arraunlari gazteak eta arraunean egiteari utzi egin behar izan dio; traineruan etzan eta arraunari gogor helduta segi behar izan du aurreneko txanda bukatu arte bere taldekideei kalterik ez egitearren. Zorionez, Barruetabeñaren lesioa ez omen da larriegia, hasiera baten.

Hibaika, ETE Ligako erregina

Hibaikak, bere aldetik, ETE Ligan zeresanik baduela erakutsi du aurreneko asteburu honetan. Larunbatean erlojuaren aurka kostata garaile izan bazen, igandeko I. Adegi Banderan nagusi izan da «Madalen» ontzia, nahiz eta ustekabeko arerio gogorra atera zaion Tolosaldearekin. Bigarren txandan egin du arraun Tolosaldeak eta baita bigarren amaitu ere, Hibaikarengandik lau segundo eskasera.

Haizeak eta korronteak izan du makina bat zeresan azken emaitzan. Txandek aurrera egin ahala, haizearen indarra handituz joan da. Horren aurrean Zuriñe Rodriguez patroiaren gidaritzapean aritu den Hibaika izan da ondoen moldatu zena. Oreretakoen Deusturekin lan gogorra izan du aurreneko luzean, baina ziabogetan bizkaitarrak baino finago aritu dira.

Hibaikak hanka egitea lortu duelarik, bigarren posturako borroka latza izan da handik aurrera. Batetik, atzetik aurrera egiten asmatu duen Zumaia eta bestetik, ziabogetan asmatu ezinik ibili den Deustu. Alabaina, haizearen laguntzaz eta bere lan apartari esker, Tolosaldeak bigarren postua «ohostu» die hauei biei, baita datorren astebururako ohorezko txandan branka sartu ere.

Hibaika da ETE Ligako buruzagi nagusia, 22 punturekin, 19 puntu Zumaiak eta 17na Tolosaldeak eta Deustuk. Kaiku da bosgarren, 15 punturekin, 11na Isuntza eta Hernanik, 8 jende oso gazteak osatzen duen San Juanek, 5 Lapurdik, 4 Ondaroak eta 3 Colindresek.