Maite UBIRIA

Baionako Avironek euskoa erabiltzeko engaiamendua hartu du

Heldu den denboraldian Top14an jokatuko duen Aviron errugbi taldeak euskoa erabiltzeko engaimendua hartu du, era horretan tokiko monetarekin bat egiten duen lehenengo kirol talde profesionala bilakatuz. Bere egoitzan aurkeztu dute konpromisoa euskal moneta elkarteko ordezkariek eta kirol taldeko zuzendaritzako zein zaleen elkarteko ordezkariek. Hartara, bihar abiatuko den harpidetza egiteko epea eta Baionako errugbi zaleek tokiko monetaren bidez desmartxa hori betetzeko aukera izanen dute.

Aviron taldeko eta Euskal Monetako ordezkariak, gaurko agerraldian.
Aviron taldeko eta Euskal Monetako ordezkariak, gaurko agerraldian.

2019-2020 sasoirako harpidetza egiteko epea zabalduko den bezperan Aviron errugbi taldeak euskoarekin bat eginen duela jakitera eman du, gaur goizean, Baionan.

Bere egoitza nagusian antolaturiko agerraldian Euskal Moneta elkartearekin adosturiko kidetzaren berri eman du kirol taldeak.

Lehenik eta behin, bihartik goiti abian jarriko den urte osorako harpidetza hartzeko prozedura euskotan burutzeko parada eskainiko du klubak, berdin billetea edo euskokarta baliaturik.

Berriki Top14an berriz jokatzeko txartela eskuratu duen klubaren lehendakaria, Philippe Tayeb, taldeko zaleen lehendakaria, Nikolas Blain, eta tokiko moneta kudeatzen duen elkartearen buru den Dante Edme-Sanjurjo izan dira, hurrenez hurren, hitzarmenaren aurkezpenean.

Edme-Sanjurjok nabarmendu duenez, Aviron taldeak erabaki duen atxikimenduak «balore sinboliko» berezia badu, Lapurdiko hiriburuan sona handia duen taldea izanik, «lurraldearen atxikimendua» indartuko duelako «trantsizio energetikoa, euskara eta elkartasuna» balore gisa lantzen duen tokiko moneta sostengatuz. Euskal monetaren erabiltzaileek aukera izanen dute dohaintzen bitartez beraiek hautaturiko elkarteari sostengua ekartzea.

Hain zuzen ere, Aviron taldeko lehendakaria den Philippe Tayebek hiria eta lurraldeari loturiko dinamika zabalago baten baitan kokatu du taldeak eginiko hautua.

Lehen mailara itzuli ondoren, taldeak espero du 6.000-7.000 zalek abonua erosiko dutela heldu den denboraldiari begira. Euskoaren aldeko atxikimendua «errugbi zaleei solik ez, klubak dituen 400-500 eragile laguntzaileei» zabaltzeko nahikeria agertu du, bestalde, Tayebek.

Nikolas Blain, Aviron taldeko zaleak biltzen dituen elkarteko buruak, zuzendaritzak hartu duen norabidea txalotu du. Urtebete lehenago, elkartearen Administrazio Kontseiluak oraingoan taldeak ofizialki hartu duen erabakia hobetsi zuela oroitarazi du.

Blainen ustez, abonamendua euskotan erosteko aukera zabaltzea lehenengo urratsa baizik ez da. Handik aurrera, «taldearen barne bizitzan, hala nola kirol zelaiko jardueretan, ostatuan, etab., tokiko monetaren erabilpena txertatzea» litzateke helburua, nahiz eta, lehiaketan bezala, «urratsez urrats» jokatuko duen Avironek.

Baionan gaur egun 120 bat gunetan euskoa baliatu daiteke, eta hiru euskal lurraldeetan abantzu mila toki daude euskal moneta onartzen dutela.

2013an zirkulazioan jarri zenetik, herritarrak (3.200 harpidedun ditu gaur gaurkoz Euskal Monetak)  eta merkatariak (hiru lurraldetako 900 bat saltokietan euskoa onartzen dute) izan dira euskoaren hedapen prozesuaren aktore nagusiak.

Izan ere, azken urteetan hainbat erakundek, esaterako Baionako Herriko Etxeak edota Euskal Elkargoak kasu, zerbitzuak –baita hilabete sariak ere– tokiko monetan ordaintzeko aukera zabaldu dute, monetaren sinesgarritasunaren hobebeharrez. Orotara 18 udalerrik euskoarekin bat egin ondoren, 2018ko uztailean Euskal Elkargoaren Kontseilu Orokorrak hautu bera egin zuen.

Biarritzen aldagune berria

Joan den maiatzean eginiko zenbaketaren arabera, gaur egun 1,2 milioi eusko (eusko bat=euro bat) daude zirkulazioan. Europa zein frantses Estatuan tokiko monetarik arrakastatsuena bilakatu da euskoa. 

Avironek emandako urratsak Baionan monetaren presentzia sendotzeko balio dezake. Izan ere, hiriburuan ez ezik, beste hiri eremuetan bere sustraiak hobeki errotzeko parioa egin du Euskal Monetak. Hala, ostegunean, aldagune berria irekiko du elkarteak Biarritzen.

Plaza Berri ostatu-jatetxean kokaturik, aldagune berri horretan hainbat zerbitzu ematen dute plantan. Lehenik eta behin, euskoa baliatzen duten bazkideek dirua trukatzeko parada ukanen dute. Izan ere, tokiko monetari atxikitzeko aukera izanen da baita ere, bazkidetza bertan gauzatuz, baita ordainketak eta banku kontua irekiko desmartxak burutuz ere.

Biarritz, Angelu, Bidarte eta Getarian ehun bat saltoki daude euskoaren bidez ordaintzea onartzen dutenak. Horiek ezagutzeko parada eskainiko dute, ostegunean, 19.00etan, Plaza Berriako aldagune berriaren estreinaldia egin eta gero.