Naiz
Donostia

Rufino Iraola Garmendia idazle eta bertsozalea hil da

Bertsolaritzaren inguruan egin zuen bere ibilbidea gaiarekin harremana duten liburu zein artikuluak idazten. Era berean, bertsolari txapelketetako epailea ere izan zen.

Iraolak bere blogean jarri zuen argazkia. (NAIZ)
Iraolak bere blogean jarri zuen argazkia. (NAIZ)

Rufino Iraola Garmendia euskal idazle eta bertsozalea hil da, 73 urte zituela. Zaldibian 1945ean jaioa, bere ibilbidea bertsolaritzari lotua egon da eta arlo horri loturiko idazketa lehiaketetan garaile izan da hainbatetan: Lazkao Txiki, Orixe, Xalbador, Zapirain Anaiak eta Lekuona.

Era berean, epailea izan da bertsolaritza txapelketetan, tartean 1986ko eta 1989ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusietan. ‘El Diario Vasco’ egunkarian eta ‘Bertsolari’ aldizkarian bertsolaritzari buruzko artikuluak argitaratu izan ditu.

Sari literarioei dagokionez, Irun Hiria irabazi zuen 1994an eta horri esker ‘Dena dago zatitxo baten baitan’ liburua argitaratu zuen. 2000. urtean berriz, Antonio Maria Labaien sariketa irabazi zuen eta ‘Hire magalean’ argitaratu zuen Alberdaniarekin hurrengo urtean.

Azken honen egitura bitxia da, praile eta moja baten arteko gutunen bidez kontatzen baitu istorioa. Protagonistak bikote izandakoak dira, euren familiek harremana ezin onarturik ezkontzea debekatu zieten. Gutunen bidez gaur egungo arazoen inguruko gogoeta sakona egiten dute maitale ohiek.

Beste liburu batzuk argitaratu zituen: ‘Artxanberriren ziriak, Patxi Errotaren ugaritasuna, Jainkoaren ateraldiak’, ‘Zaldiarangoak’, ‘Biziaren bisutsak’,  ‘Abaraska’, ‘Ñañarriri begira’, Kafkaren ‘Metamorfosia’ eta ‘Bihotzaren zelaietan’.

Bestelako ibilbide profesionalean, 1983tik geroztik euskara irakasle jardun zuen Urretxu, Zarautz eta Lasarte-Oriako euskaltegietan.