NAIZ

Urrutikoetxea aske utzi izana agurtu eta «urrats gehiago» eskatu dituzte EH Baik eta EH Bilduk

EH Bilduk eta EH Baik, ohar bateratu batean, Josu Urrutikoetxea judizialpean aske uztearen erabakia «positibotzat» jo dute, eta frantziar Gobernuari «ildotik aitzina» segitzea eta bake prozesuren alde doazen «urrats gehiago egin ditzan» eskatu dute. Era horretara, euskal preso guztien eskubideak errespetatuak izateko bide orria adostea eta abian jartzea eskatu diete Estatu frantses eta Estatu espainolari. 

Josu Urrutikoetxea, artxiboko irudi batean. (Gari GARAIALDE/FOKU)
Josu Urrutikoetxea, artxiboko irudi batean. (Gari GARAIALDE/FOKU)

Josu Urrutikoetxea, «beste bakegile bat bezala, paper aktibo bat izan du azken urteetan eraikitako bake prozesuan, elkarrizketaren bitartez irtenbide politikoa bilatuz gatazka politikoari», adierazi dute ohar bateratu batean EH Bilduk eta EH Baik, Urrutikoetxea «ETA-n bakearen apustuaren aldeko erreferente nagusienetarako bat» izan dela gaineratuz.

«Elkarrizketaren bidea beti irekia utzi duen pertsona izan da», jarraitzen du oharrak, «bakearen aldeko ekarpen nagusienetarikoa bat egin duen euskal herritarretariko bat da». Horren harira, berak ETA-ren azken komunikatua irakurri zuela gogoratu dute, zeinean ETA-ren zikloaren amaiera jakitera eman zen.

Euskal Herriko gizarte zibilaren zein eragile politikoaren gehiengoak «bake prozesuaren aldeko apustua berretsi duten honetan», EH Bildu eta EH Baik frantziar Gobernuari zuzentzen dira «bere ildotik aitzina segitzea» eskatuz eta «bake prozesuren aldera doazen urrats gehiago egin ditzan».

Horiek horrela, datozen egunetan iraganen diren baldintzapeko askatasun auziek, zehazki Lorentxa Beyrie eta Xistor Haranbururenak, «erantzun baikor bat» ezagutu behar dutela eta, bide hori jarraituz, euskal preso eta iheslariak etxeratzeko bidean, «preso guziak hurbilduak, eriak askatuak eta kondena bete dituztenak askatzea» nahi dutela argitu dute. Era horretara, euskal preso guztien eskubideak errespetatuak izateko bide orria adostea eta abian jartzea eskatu diete Estatu frantses eta Estatu espainolari.

Indar soberanistentzat, azken urte eta hilabeteetako mobilizazioek erakutsi diguten bezala, «bide horretan segitu behar dugu». «Bake prozesuaren aldeko mobilizazio guziak garrantzitsuak dira, Euskal Herrian zinezko bake justu eta iraunkor bat lortu nahi badugu», nabarmendu dute.