Maite UBIRIA

Josu Urrutikoetxearen aurkako lehenengo auzia, Parisen

Iragan maiatzaren 16an Alpeetako Sallanches herrian, erietxera zihoala, atzeman zuten Josu Urrutikoetxea ETA erakundeko agintari ohiaren aurkako auzia iraganen da, gaur, Pariseko helegite auzitegian. Frantses justiziak sasian zelarik beraren kontra aldarrikatutako sententzia bat aztertzeko saio judizial honetan, bestalde, zigor eta askatasunen epailea delakoak bera kartzelaratzeko eman zuen aginduari defentsak ezarritako helegitea izanen dute aztergai.

Helegite Auzitegian, Parisen, iraganen da gaurko auzia. @AnttonETXEBERRI
Helegite Auzitegian, Parisen, iraganen da gaurko auzia. @AnttonETXEBERRI

Sallanchesko erietxean ebakuntza bat egiteko hitzordua zeukala atzeman zuten, iragan maiazaren 16an, azkeneko 17 urteak klandestinitatean igaro zituen Josu Urrutikoetxea.

Iaz desagertu zen ETA erakundearen militante historikoa, Urrutikotxea atxilotu eta berehala lehenengo azterketa medikua agindu zuen poliziak. Parisera eraman ondoren, jarraipen medikala izan du baita Sante-ko espetxean sartu ondoren ere.

Familiak Urrutikoetxea bisitatzeko baimenik ez badu jaso ere, abokatuek ahal izan dute berarekin mintzatu. Horren ondotik, bere osasun egoera ez dela bateragarria kartzelako bizitzarekin aldarrikatuko dute, gaur bertan, auzitegian.

Helegite gorteak Urrutikoetxearen defentsak zigor eta askatasun epaile delakoak Ugaoko militantea espetxeratzeko eman zuen aginduari helegitea ezarri zion eta galdera horri erantzun beharko dio, seguruenik gaurko saioan bertan, epaileak.

Auzia berriz instrukziotik hasi

Izan ere, gaurko agerraldiaren muina beste bat da. Frantziako justiziak bi zigor ezarri zizkion Urrutikoetxeari, hura sasian zelarik. Horietako bat mahaigainean ezarriko du gaur epaileak. Errebeldian emandako ebazpena izanik, ETAren azken deklarazioa irakurtzea egokitu zitzaion militanteari sententzia errefusatzeko aukera emanen dio epaileak.

Defentsak gaurko auziaren aitzinean azaldu zuenez, bai gaur aztertzekoa den sententzia baita hilaren 28an ezarritako beste auzi batean Urrutikoetxeari jakinaraziko dioten zigorra ere errefusatzeko asmoa du, auzia berriz ere instrukzio fasetik abiatzeko eskaera luzatuz.

Urrutikoetxea askatzeko defentsak aurkezturiko erabakiari erantzuna eman beharko lioke ahal den eta azkarren epaileak. Harritzekoa litzateke, ordea, auziaren mamiari buruz erabaki irmoa gaur ematea. Eztabaida tekniko-juridikoak pizu handia izanen dela gaurko saioan aurreikusi daiteke, eta ezin da baztertu epaileak auzia gibelatzea eta beste data bat proposatzea, defentsa berme guztiak aintzat hartuta, prozedura gauzatzeko.

Iritzi publikoaren bataila

Urrutikoetxea atzeman zutenetik, gehienbat gobernua eta iritzi publikoari begira elkartasun kanpainia martxan jarri zen frantses estatuan.

‘Liberation’ eta ‘Mediapart’ hedabideek Urrutikoetxeak borroka armatuaren bukaeran eta orohar gatazka konpontzeari begira jokatutako «papera garrantzitsua» azpimarratu zituzten iritzi artikuluak argitara eman zituzten, mundu mailako pertsonalitateen sostenguz.

Ildo beretik, dagoeneko 5.000tik gora herritarrek babestu dute Urrutikoetxearen aurkako auzibidea konponbide prozesuari traba berria ezartzen diola aldarrikatzen duen deklarazioa.

Auziaren bezperan, azkenik, ‘Le Monde’ egunkariak gatazka konponbideetan eskarmendu handia duten hiru adituk sinaturiko iritzi zutabe berria plazaratu zuen.

Frantses gobernuak «balendriaz» jokatu dezan bai Urrutikoetxaren auziari begira baita gatazkak utzitako beste ondoroei begira ere -presoen egoera eta biktimen auzia aipatzen zituzte, zehazki- horren alde eragitea eskatzen zioten, bereziki frantses iritzi publikoari aipaturiko artikuluan Irlanda edo Kolonbiako auziak hurbiletik jarraitu zituzten adituek.