Jon Ormazabal

Iñaki Artolaren abiadurak txapelduna kaiolatik atera du

Alegiarrak partida borobila jokatu du, hasiera-hasieratik zuloa ireki du eta iazko garaileak ezer gutxi egin ahal izan du bere aurka (11-22).

Aurrerapauso garrantzitsua eman du Artolak. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Aurrerapauso garrantzitsua eman du Artolak. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Udak on egiten dio Iñaki Artolari eta iaz Donostian eta Lekeition emandako erakustaldien ostean, aurten eskatzen zaion aurrerapausoa emateko prest dago alegiarra San Ferminetako Lau eta Erdikoan.

Momentuz, Asier Agirre eta Mikel Urrutikoetxea bidean utzi eta gero, iazko txapelduna, Oinatz Bengoetxea kanporatu du gaur Muskizen eta bihar Beasainen Aimar Olaizolak eta Bakaikoak jokatuko duten partidaren irabazlearen aurka jokatu beharko du uztailaren 7ko Labriteko finalean egoteko.

Azken egunetan Urduñan egindako egonaldiaren ostean, indartsu, oso indartsu ekin dio Muskizeko partidari gipuzkoarrak eta hasiera hasieratik hartu du markagailuaren ekimena. Pilota bizi irten zaio eskutik eta berak jarritako erritmoan aritu behar izan du Oinatz Bengoetxeak. Lehen atsedenaldi luzera 6-12 heldu da aurretik alegiarra eta aldea zortzi tantora ere luzatu du (6-14). Hortxe heldu da leitzarraren erreakzioa, tantoan eta jokoa nahastuz, lau tantora ere gerturatu baita nafarra (11-16).

Baina gaurkoan Iñaki Artolak ez du bere buruarekin zalantzarik egin, ordura arte egindako joko eraginkor eta bizia berreskuratu eta zuzenean joan da 22. kartoira, merezitako garaipen garrantzitsu bat lortuz.